Goiztiri Elkarteak kudeatzen duen Kalean Esku Hartzeko Hezitzaileen Programari (EIC) eusteko eskatuko dute hurrengo osoko bilkuran Elkarrekin Barakaldok eta EH Bilduk. Ekainaren 30ean diru-laguntza faltagatik amaituko den programa honek, gaur egun Barakaldoko kaleetan lo egiten duten 60 pertsonei laguntzen ditu. Eusko Jaurlaritzatik Lehen Urratsa programaren barnean jasotako diru-laguntzaren bidez jarri zen martxan ekimen hau, pandemiaren ondorioz etxerik gabe gelditu diren pertsoneei zuzenduta dago. Oposizioko alderdiek gogorarazi dute gaur egun diruzaintzako 3 milioi euro baino gehiago geratzen direla erabilgarri.
Goiztirik kudeatzen duen “Kalean Esku-Hartzeko Hezitzaileak” programa kaleko bi hezitzailek eta gizarte-integratzaile batek osatzen dute. "Hezitzaileen eta etxerik gabeko pertsonen arteko harreman zuzena, eremuan bertan, da esku-hartzerako funtsezko elementua. Hurbiltasun-eredu horrek aukera ematen die jarraipen pertsonala egiteko, aholkuak emateko eta esku-hartze pertsonalizatuagoa egiteko, kasu guztiak ez baitira berdinak. Parte-hartze soziala eta komunitarioa sustatzeko eta sarean lan egiteko aukera ematen du ", adierazi du Marivi Freire Elkarrekin taldeko zinegotziak. "Programa hau bat-batean bukatzeak eta gizarteratzeko lanean ez sartzeak orain arte lortutako guztia alferrik galtzea dakar. Horregatik sartu dugu eskaria, gaia osoko bilkurara eramateko, premiazkoa baita gai honi konponbidea ematea" azpimarratu du zinegotziak. Azkenik, Mariví Freirek azpimarratu duenez, "kaleko taldearen lanari esker, kalean lo egiten duten pertsonen benetako eta egungo egoera ikustarazi egin da, baita haien egoera eta beharrak ezagutu ere. Horri esker, etorkizunera begira horrelako egoerei aurrea hartu ahal izateko, benetako neurriak eta eraginkorrak eman daitezke.
Maria Solar EH Bilduko bozeramaileak eskatu du Eusko Jaurlaritzak Lehen Urratsa programaren bidez egindako ezohiko ekarpen ekonomikoaren bukaerak ez ekartzea Barakaldorako beharrezkoak diren baliabideen amaiera. Lehen Urratsa programaren bidez orain arte ordaindu diren zerbitzuei eusten ez badie Udalak, hainbat proiektu aitzindariak, hala nola emakumeentzako aterpetxea, kaleko esku-hartzea edo eguneko zentroko profesionalen indartzea, arriskuan daude Solarrek azaldu duenez.
Bozeramaile subiranistaren ustez, beharrezkoa da bazterketa sozialaren aurkako udal estrategia bat indarrean jartzea. Hori dela eta, María Solarrek estrategia planifikatu baten beharra aldarrikatu du, baliabideak eta inbertsioak izango dituena, barakaldar gizarteko kide izan nahi duen edonori eskubideak bermatzeko. Baina estrategia hori gauzatzeko inbertsio ekonomikoa beharrezkoa dela azpimarratu du, "eta ez erakunde goren edo asistentzialisten menpe egotea".
Pandemiaren agerpenak, gizarte-baliabideen murrizketaren ondorioz, egoera larritik ateratzeko zailtasun handienak dituzten etxegabeen egoera larriagotu egin du.
EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, aurrekontuko soberakinan, oraindik 3 milioi euro daude gastatu gabe, eta diru hori erabil daiteke "Amaia del Campok hainbestetan esaten duen bezala, inor atzean ez uzteko". Bukatzeko, Solarrek zalantzan jarri du udal gobernuak benetan asmo hori gauzatzeko borondate politikoa izatea, Izan ere, "Dirua badago, eta beharra ere badago”, eta gogoratu du eskaera hori egitekotan, Barakaldo erreferente bihurtuko litzatekeela arlo honetan".