Udal hauteskundeen emaitzak eta EAJk eta PSEk udaletarako eta foru aldundietarako egindako gobernagarritasun ituna errepikatzeko iragarpenaren egoera baloratu du EH Bilduk gaur goizean. “Betikoen arteko akordioa betikoa egiten jarraitzeko”, Maria Solar Barakaldoko bozeramaile subiranistaren arabera. Solarrek adierazi duenez, “nahiz eta Amaia del Campok eta Carlos Fernándezek hitzarmen hau egonkortasunerako akordio gisa salduko diguten”, errealitatea bestelakoa da, eta aurreko legegintzaldian jada gauzatu zen: desgobernua alegia. Bozeramaile abertzaleak gogora ekarri du aurreko legegintzaldian arazo berari irtenbideak bilatu nahian, sarritan bi erantzun ezberdin aurkitzen zituztela herritarrek gobernutik. Era berean, Solarrek gogor kritikatu du, kanpainan zehar antagoniko aukrkeztu arren, badirudi kohesiorik gabeko ituna sinatuko dutela berriro EAJk eta PSEk, aurrekoetan bezala soldatak eta postuak banatzeko, eta arrabol formularekin berriro gobernatzeko, oposizioaren eta tokiko eragileen proposamen orori uko eginez.
Solarrek gogorarazi du EAJk eta PSEk ia zazpi mila bozka galdu dituztela Barakaldon, eta bi alderdi horiei Barakaldon izandako emaitza ulertzea eskatu die. Bere ustez, emaitzek aldaketa baten beharra adierazten dute, herritarrek “bi gobernu-taldeen” politikak zigortu dituztelako. Solarren ustetan, errealitate honek gutxieneko apaltasuna eta oposizioarekiko errespetu handiagoa eskatzen die azken urteetan gobernua osatu duten bi alderdiei.
Bestalde, EH Bildu era guztietako akordioetarako prest dagoela berretsi du Solarrek, akordio horiek “jendearen bizitza hobetzea bilatzen badute”. Era berean, beste gobernantza-eredu bat aldarrikatu du, bere ekintza instituzionala programa-akordioetan oinarrituko duena, eta ez alderdikerian.