AKTUALITATEA


| 2021-10-27 15:26:00

EH Bilduk ostegunean eztabaidatuko den mozio bat aurkeztu du Barakaldoko osoko bilkurak Foru Aldundiari eska diezaion argindarraren prezioarekin enpresa elektrikoak egiten ari diren iruzurra salatzeko. Alderdi subiranistaren esanetan, berezko eskumenetatik herritarren interesak babesteko aurrera egin daiteke. Horregatik, ekimen honek subiranotasun energetikorantz pausuak ematearen alde egiten du, eta baita ere sistema propioak eta bidezkoak arlo publikotik eraikitzearen alde, elektrizitatea oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatuz.

Barakaldoko bozeramaile subiranista María Solarrek gaur aurkeztu duen ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen dio eska diezaiela Estatuko eta Europako erakundeei behar diren neurri guztiak har ditzatela kontsumitzaileentzako prezio eta kostu energetiko gardenak bermatzeko,  elektrizitate-ekoizleek bidezko ordainsaria soilik jaso dezaten.

Gainera, mozio hori onartzen bada, Barakaldoko Udalak Aldundiari eskatuko lioke Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola: 2022rako autokontsumoa eta energia-komunitateak sustatzeko partidak bikoiztea, gutxienez; Energiaren Euskal Erakundearen bidez elektrizitatearen merkaturatzaile publiko bat sortzeko bideragarritasun-azterketa bat egitea; Gizarte Larrialdietarako Laguntzak handitzea, elektrizitatearen edo gasaren ondoriozko energia-gastuekin zerikusia duten laguntzetarako; eta, azkenik, energiaren gastuetarako diru-kopuruak handitzeko.