AKTUALITATEA


| 2024-07-22 09:35:00

Urtebete igaro da legealdia hasi zenetik, eta une egokia iruditu zaigu Amurrion EH Bilduk egindako lanaren balantzea egiteko. Azken urtea emankorra izan da EH Bildurentzat, ez soilik hauteskunde emaitza oso positiboak izan ditugulako, baizik eta egindako lan eskergagatik ere.

Legegintzaldia hasi eta bost hilabetera, Maskuribai eta Goiena kaleen arteko bidegurutzean oinezkoak eta bizikletak seguru ibili ahal izateko irtenbide bat bilatzeko eskatu genuen, gasolindegi berri bat ireki zelako eta hortik ibiltzea lehendik ere arriskutsua bazen, irekiera honen ostean arazoa areagotu zelako. Plenora eraman genuen gaia, eta gobernu taldearen erantzuna izan zen “horren gainean” zeudela, diru inbertsio handia zegoela horretan, baina epe laburrean semaforo bat jarriko zela. Momentuz ez dago ez semafororik, ezta obrarik egiteko aurreikuspenik ere.

Urtea amaitzear zela, aurrekontuen eztabaida betean sartu ginen, eta bi proposamen zehatz egin genituen: alde batetik, urrian euskara teknikariaren lanaldi erdiko postua desagerrarazi nahi zutela jakin genuen, eta horregatik euskara teknikaria lanaldi osoan kontratatzea eskatu genuen, euskara saila indartzeko. Egia da egun Amurrioko Udalean euskara teknikari bat daukagula, udaleko zerbitzu soziokulturaleko koordinatzailea zena, alegia, baina funtzionario hau euskara teknikari izendatu zutenean, ordura arte bere esku egondako gainerako arlo eta funtzio guztietatik alboratu zuten. Hori gutxi balitz, Aiaraldea komunikabideari 2012tik ematen zitzaion dirulaguntza kendu diote, euskararekiko beste eraso bat bezala ulertzen duguna.

Bestalde, lanpostuen balorazio bat eskatu genuen, azken antolaketa-aldaketek beharrezko egiten baitute jakitea zein den langile bakoitzaren zeregina. Udalaren erantzuna ezezkoa izan zen, eta horregatik EH Bildu Amurriok ez zituen aurrekontuak babestu.

Berdintasunaren alorrean ere lan egin dugu: indarkeria matxistaren kontrako protokolo instituzionala diseinatzen lagundu dugu, besteak beste. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren murrizketen kontrako ekimenak ere erregistratu ditugu: ez dugu murrizketarik babestuko honelako zerbitzu garrantzitsu batean.

Alor sozialean, hainbat izan dira proposamenak: Laguntza elkartea babestu genuen; haur eskolen plazak bete zirenean eta, ondorioz, haurrak plazarik gabe geratu zirenean, hezkuntza mahai bat sortzea proposatu genuen haur eskoletako koordinatzaileekin eta udaleko teknikariekin elkarlanean arazoari irtenbide bat emateko, eta epe laburrera halako arazorik berriz gertatu ez dadin. Beharrezkoa ikusten dugu jarraipen batzorde hau ahalik eta lasterren eratzea, hurrengo ikasturtean zehar izena emango duten familiak plazarik gabe egongo dira eta. Udalaren ardura da herrian matrikulatzen diren haur guztientzako plaza nahikoa eta azpiegitura egokia daudela bermatzea.

Arrastariako bizilagunen bizitzak hobetzeko, Urduñako egoitza erabili ahal izateko Bizkaiko eta Arabako Diputazioen arteko hitzarmen bat sinatzea eskatu genuen, eta aurrerapausoak ematen ari gara zentzu horretan.

Mugikortasunaren harira, garraio publikoaren aldeko apustua egiten dugu, aurten zerbitzu hauetan eragozpen asko nabaritu baititugu. Horregatik, tren zerbitzuaren inguruan galdetu genuen Madrilen. Pentsionisten dinamikak ere babestu ditugu, C3 linea irisgarria izan dadin, edota Galdakaoko ospitalera joateko bus zuzena izateko. Horrez gain, bus zerbitzuen gabezia edo gestio txarra salatu dugu, eta irtenbideak bilatzeko eskatu diogu ArabaBusi. Gobernu taldeak, bere aldetik, bus geltoki berria egin du, zeinetan ez dagoen busen ordutegirik ez eta kartelik ere, erabiltzaileak non kokatu behar diren jakin dezaten.

Eskualdea babestearen garrantzia ukaezina da, eta horregatik PAIaren (Berehala Jarduteko Plana, Plan de Acción Inmediata gazteleraz) eta PECaren (Eskualdeko Plan Estrategikoa, Plan Estratégico Comarcal gazteleraz) lanketa egin dugu, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diogu plana behingoz adosteko. Gobernu taldeak gai honen harira lanean ari zela erantzun bazuen ere, Arabako Foru Aldundiak argi esan zuen gaia geldirik zegoela.

Solariaren proiektuaren gainean ere egon gara, Amurrioko Batzar Administratiboekin bilerak egin ditugu eta Jaurlaritzari eta Foru Aldundiari proiektua geldiarazteko eskatu genien, enpresa honek publiko egin duen ebakuazio proiektua gure lurrak urratuko dituela leporatuz. Gure lurraldea eta natura babesteari garrantzi handia ematen diogu, eta lehen sektorea ere oso garrantzitsua dela uste dugu. Horregatik, udalari nekazariek txabolak legalki egin ditzaten ordenantza bat egiteko eskatu diogu, modu horretan bai lurra, bai profesionalizatu gabeko nekazariak babesteko.