Hondakinen tratamendurako Europako hierarkiarekin bat egiteko, SDDR sistemako plan pilotu bat ere eskatu du taldeak, lurralde osoko kuadrilletan zabaltzeko
Araba. 2024-03-11 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio batean proposatu du ontzi arinak bildu eta tratatzeko Jundizko plantak kudeaketa publikoa izatea, eta biltegiratze eta itzultze sistema integral bat (SDDR) ezartzeko plan pilotu bat garatzea Arabako herriren batean, gero kuadrilletan esperientzia aplikatu ahal izateko.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide-taldearen bozeramaileak esan duenez, Jundizko planta «2012tik UTE batek kudeatzen du instalazio hau, FCC eta Yarritu enpresek osatzen dutena, eta enpresa honen fakturazioa bildutako ontzi kopuruaren araberakoa denez, zenbat eta plastikozko ontzi gehiago bildu, orduan eta etekin handiagoak izango ditu enpresak».
EH Bilduk gogora ekarri du hori ez dela hondakinak kudeatzeko. «Europatik ezartzen da hondakinak tratatzeko ekintzen hierarkia ezartzen da: horrela, prebentzioa lehentasunezkoa da, eta azpitik datoz berrerabiltzea eta birziklatzea, adibidez. Beraz, plastikozko ontzi arinak biltzea ezin da etekin ekonomikoen menpe egon, ontzi horiek murriztea lehentasuna izan beharko litzatekeelako», adierazi du Ruth Ibisate batzarkideak.
Kudeaketa publikoa
Hala, EH Bilduk Jundizko instalazioaren kudeaketa publikoa proposatu du. «Uste dugu kudeaketa publikoa izanda, funtzionamendu hobea eta eraginkorragoa izango duela instalazio honek, eta hori dela bidea hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko, eta Europatik datozen irizpideak Araban ere betetzeko», esan du Lopez de Arroyabek. Halaber, EH Bilduk Diputazioari eskatu dio «plan pilotu bat abian jar dezala Arabako udalerri batean bilketa- eta itzulera-sistema integral bat (SDDR) ezartzeko, gero lurraldeko kuadrilletan esperientzia errepikatu ahal izateko».
Arabako Hondakinen Planean jasota dago ontzi eta plastiko kopurua murriztu behar direla, eta prebentzio neurriak hartu behar direla, «baina argi dago planean jasota dauden helburuak lortzetik oso urrun gaudela. Gure esku dagoen guztia egin behar dugu hondakinen sorrera murrizteko helburuak betetzeko, eta norabide horretan doa gure proposamena», amaitu du Ruth Ibisatek.