AKTUALITATEA


| 2019-12-16 11:59:00

EH Bilduk berraztertze helegitea aurkeztu du Arraia-Maeztuko Udalean, Onraita herrian 82 metroko altuerako dorre meteorologiko bat jartzeko baimena erabat baliogabekoa deklaratzeko. Azaroaren amaieran dorrea jartzen hasi ziren lanak, baina oraindik ez dira amaitu. Kontserbaziorako babes bereziko KBEa da, eta, gainera, paisaia berezien eta apartekoen inbentarioan agertzen da. Horrez hain, interes hidrogeologikoko eremua da, eta akuiferoen kalteberatasun oso handiko eremu gisa katalogatuta dago.

 

Hala eta guztiz ere, Arraia-Maeztuko Udaleko EH Bilduren bozeramaile Ruth Ibisatek azaldu duenez, "Alkateak prozedura gainditu du eta, alkatetzaren dekretu baten bidez, obra-lizentzia eman du, aldez aurretik ingurumen-ebaluazioari buruzko nahitaezko txostena egin gabe". Horregatik, lizentzia baliogabetzat jotzeko eta lanak gelditzeko eskatu du, txosten hori egin arte.

 

Arabako Batzar Nagusietan ere, EH Bilduk hainbat galdera egin dizkio Ingurumen Sailari, Arraia-Maeztuko Udalak kasu honetan zein prozedura jarraitu duen argitzeko. Enklabe natural hori babestearren, eh Bilduk lizentzia baliogabetzeko eskatu du, eta, hala ez bada, ez du baztertu auzitegietara jotzea.