Eva Lopez de Arroyabe: "Eusko Jaurlaritzak Araban aldiriko tren-zerbitzu bat ezarriko duela albiste bikaina da, baina ez dugu ulertzen Araian eta Manzanosen geratzea: korridore osoari eman behar dio zerbitzua"
EH Bilduk geltoki berriak sortzea proposatu du industriaguneetan, baita bi geraleku berri ere Salburuan eta Zabalganan
Gasteiz. 2024-03-01 | Eusko Jaurlaritzak eta Madrilgo Gobernuak akordioa lortu dute aldiriko tren bidezko bidaiarien garraio-zerbitzua transferitzeko, eta Eusko Jaurlaritzak iragarri du zerbitzu hori Arabara zabalduko duela. Albiste horren aurrean, EH Bildu pozik agertu da, baina Eusko Jaurlaritzari eskatu dio korridore osoan zerbitzua ezartzeko, Miranda eta Altsasu artean.
"Urteetako ezezkoen ondoren, gure poza adierazi nahi dugu iragarki honengatik. Gure esku dagoen guztia egingo dugu aldiriko zerbitzu hau martxan jartzeko eta, batez ere, hobetzeko. Zentzu horretan, ez dugu ulertzen tren hori Araian edo Manzanosen geratzea, eta Altsasu eta Mirandaraino ez iristea. Eusko Jaurlaritzak korridore osoan eman behar du zerbitzua, Euskotrenen bitartez. Ez dago inolako zailtasun teknikorik zerbitzu horri heltzeko Europa osoan trenbide sarea liberalizatu zenetik”, nabarmendu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak.
Lopez de Arroyabek gogorarazi du oraindik ez dela publikoa akordioa, eta, beraz, ez direla ezagutzen xehetasunak, baina, Eusko Jaurlaritzak zabaldutako informazioaren arabera, Araia-Gasteiz eta Manzanos-Gasteiz arteko zerbitzu bat aipatzen da egungo trenbidea erabiliz. "Azken batean, duela urte batzuetatik eskatzen genuena da: sozialki eta ekonomikoki bideragarria izango den tren soziala, gure herriak lotuko dituen eta gure herritarrentzako kalitatezko zerbitzua eskainiko dien garraioa", gogorarazi du EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak.
Ildo horretan, EH Bilduk azpimarratu du zerbitzu hori hobetzeko geltoki berriak jarri behar direla martxan, horietako batzuk berriak eta beste batzuk egun erabiltzen ez direnak. Gaur egungo 11 geralekuekin batera (Miranda, Manzanos, Argantzon, Langraitz, Gasteiz, Dulantzi, Agurain, Araia, Ziordia, Olazti eta Altsasu), jada erabiltzen ez diren beste bost geraleku jarri behar dira martxan: Tresponde, Zerio-Illarraza, Oreitia, Ezkerekotxa eta Egino. Baina, horrez gain, bost geltoki berri sortzea proposatzen du EH Bilduk Arasur, Subillabide, Jundiz, Agurain eta Asparrondo industrialdeetan. Armiñonen beste geldialdi bat egiteak eta Gasteizko hiriburuan beste bi geralekuk osatzen dute proposamena. Kasu honetan, Salburua eta Zabalgana auzo berriei zerbitzua ematea proposatzen da, geltoki banarekin.
Eva Lopez de Arroyabek agerraldia egin du Arabako Batzar Nagusietan, Gasteizko, Arabako Lautadako eta Añanako EH Bilduko ordezkariekin batera. Horien artean egon dira Agurain, Asparrena, Barrundia, Iruraiz-Gauna eta Zalduondoko alkateak diren Raul Lopez de Uralde, Txelo Auzmendi, Igor Medina, Iratxe del Barko eta Lurdes Lekuona. Horiekin batera, Dulantzi, Donemiliaga eta Argantzongo hautetsiak ere egon dira. Lopez de Arroyabek eskerrak eman dizkie udalei, administrazio-batzarrei eta gizarte-eragileei proiektu hau bultzatzeko egin duten lanagatik. Izan ere, lan nekaezina egin dute eta duela bi urte Madrilgo Kongresura joan ziren, tren sozial bat ezartzea eskatzeko.
"Orain gertuago daukagu. Gure trenbide-sarearen planteamendua birpentsatzeko ordua iritsi da, erabiltzaileen benetako beharrei irtenbidea emanez, herrien arteko denborak hobetuz, lurraldearen kohesioa eta egituraketa erraztuz, herritarrek, mugimendu sozial eta sindikalek eta tokiko erakundeek aspaldidanik aldarrikatzen duten bezala. Aldiriko zerbitzu hori martxan jartzeak erakusten du etorkizuna duten proiektuak direla herritarren beharrei erantzuten dietenak”, amaitu du Lopez de Arroyabek.