AKTUALITATEA


| 2026-11-02 10:45:00

Besteak beste, giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak handitzeko eskatu du, baita erlezaintza-sektoreari laguntzeko berariazko plan bat ere, eragindako kalteak prebenitzeko eta murrizteko aholkularitza eta laguntzak barne hartuko dituena

Araba. 2026-11-02 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak jasangarritasun eta garapen ekonomikoko diputatuari zuzendutako hainbat galdera erregistratu ditu gaur, baita mozio bat ere batzorde horretan eztabaidatzeko liztor asiarraren hedapenari eta haren ondorioei muga jartzeko helburuarekin. Erlezaintzaren sektorearen kexen aurrean, EH Bilduk zehatz-mehatz ezagutu nahi ditu espezie inbaditzaile horren hedapenaren zifrak, baina proposamenak ere egin ditu hedapena geldiarazteko eta ondorioak arintzeko.

Liztor asiarra (Vespa velutina) espezie exotiko inbaditzailea da, eta biodibertsitatea, erle-jarduera eta, zenbait egoeratan, herritarren segurtasuna mehatxatzen ditu. 2012. urtean Araban lehenengo aleak aurkitu zirenetik, azken urteotan sendotu egin da haien presentzia lurraldean, eta horrek eragin du detekzio-, prebentzio- eta kontrol-neurriak indartzea. Azken hilabeteetan, kaleetan, parkeetan, lorategietan eta bestelako hiri-espazioetan haien presentziak herritarren kezka areagotu du. Habiak etxebizitzetatik eta leku jendetsuetatik hurbil agertu direnez, gorabeherak jakinarazteko sistemak hobetu behar dira, esku hartzeko lehentasunak ezarri behar dira eta arrisku-egoeren aurrean erantzun egokia bermatu behar da.

Baina erlezaintza-jarduera da gehien kaltetutako sektoreetako bat: liztor asiarrak erle meliferoei eraso egiten die, erleen jarduera zailduz, koloniak ahultzeraino. Erlezainak ohartarazten ari dira presio handia jasaten duten erlategi jakin batzuetan erleak ia ez direla erlauntzetatik irteten, eta ahalegin guztiak bideratzen dituztela erlauntzetako sarrerak erasoetatik babesteko. «Egoera honek jarraipen teknikoa eta prebentzio, babes eta laguntza ekonomikorako neurri espezifikoak eskatzen ditu», adierazi du Endika Saez de Adana EH Bilduren batzarkideak.

Mozioan, EH Bilduk liztor asiarra kontrolatzeko azken bost urteetan egindako jardueren ebaluazioa eskatzen du, baita habiak detektatzeko eta kentzeko giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak areagotzea ere, erantzun azkarra bermatuz eta arrisku handieneko esku-hartzeei lehentasuna emanez. Detekzio goiztiarrean sakontzeko, taldeak proposatu du, halaber, liztor asiarrarekin lotutako gorabeheren berri emateko eta horien jarraipena egiteko plataforma bat ezartzea.

Erlezaintza sektorea denez kaltetuena, EH Bilduk sektoreari laguntzeko berariazko plan bat eskatu du, aholkularitza teknikoa, erlategiak babesteko neurriak eta liztor asiarrak eragindako kalteak prebenitzeko eta murrizteko laguntzak barne hartuko dituena, baita galerak konpentsatu ere. Ildo horretan, proiektu pilotuak bultzatzeko eskatzen du teknologia eta detekzio- eta kontrol-metodo berriak ebaluatzeko, bai eta urteko txosten bat argitaratzeko ere, egindako jarduera eta inbertsioekin eta lortutako emaitzekin.

Saez de Adanak adierazi duenez, «beharrezkoa da estrategia integral, koordinatu eta garden baterantz aurrera egitea, helburu egiaztagarriekin, baliabide nahikoekin, erlezaintza-sektoreari babesa emanez eta emaitzen aldizkako ebaluazioa eginez».