AKTUALITATEA


| 2026-07-09 10:39:00

Onartutako ondorioen artean daude desgaitasunari buruzko plan bat egitea eta Arabako hirugarren sektorearen zeregin estrategikoa aitortzea

Araba. 2026-07-09 | Azken hilabeteetan Arabako Batzar Nagusietan desgaitasunari buruz egindako ponentziak amaitutzat eman du bere lana, ondorioak onartu ondoren. Taldeek aho batez onartu dituzte ponentziaren 13 ondorioak.

EH Bilduk bultzatutako ponentziaren helburua zen "desgaitasuna duten pertsonen egungo egoera eta etorkizuneko arreta hobetzea". Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak ponentziaren sorreran azaldu zuenez, ponentziak «dibertsitate funtzionala duten pertsonen errealitatearen azterketa eta diagnosia egiteko balioko luke, haien bizi-ibilbidea esparru guztietan garatzeko, kolektibo horrek eta haien familiek alderdi garrantzitsuetan jasaten dituzten zailtasunak eta oztopoak identifikatu eta zehaztu ahal izateko».

Hala, 2025eko martxoan eratu zen ponentzia, Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkidea buru zuela. Bere 13 saioetan, 47 pertsonak parte hartu dute, eta 24 elkarte eta erakundek beren bizipen pertsonalen eta/edo esperientzia profesionalen lekukotza eman dute, Araban desgaitasunen bat duten pertsonen egoeraren diagnostikoa marraztuz.

Gaur onartu dira ponentzia horren ondorioak, eta horien artean nabarmentzen da Arabarako desgaitasunari buruzko plan bat egitea, «ibilbide-orri partekatu gisa balio behar duena, epe ertain eta luzerako ikuspegi estrategiko batekin, eta, aldi berean, ponentzia honen txostenaren ondorioak jaso beharko dituena». Horrekin batera, ondorioek berresten dute «Bizimodu Independentearen Eredua finkatu eta defendatu behar dela, desgaitasunaren arloko politika publikoen funtsezko zutabe gisa, eskubideak, autonomia pertsonala eta parte-hartze soziala benetan gauzatzen direla bermatuz, ikuspegi inklusibo, feminista eta eskubideetan oinarritua».

Ponentziak, gainera, Arabako Hirugarren Sektorearen zeregin estrategikoa aintzatestea bultzatzen du, eta egoitza-baliabideak eta eguneko zentroak handitzea eskatzen du, baita eguneko arreta-baliabideak birmoldatzea, Administrazio Publikoekiko kudeaketak hobetzea eta beste sistema batzuk koordinatzea eta inplikatzea ere.

Baliabide zehatzak hobetzera bideratutako proposamenen artean, ezintasunen bat duten pertsonentzako atsedenerako eta aisialdirako programak bultzatu eta hobetzea eta baliabideen arteko trantsizioetan laguntzeko programak indartzea planteatzen da ponentziaren ondorioetan. Azkenik, irisgarritasun unibertsalerako oztopoak desagerrarazteko eskatzen da, gizarte-politiken zeharkakotasuna aldarrikatzen da eta Arabako gizartea sentsibilizatzeko eskatzen da.