EH Bildu gogorarazi du Europako hauteskundeetan Trebiñuk eta Agrantzonek gainerako herrialdeekin bozkatzeko aukera dutela, eta horrela, demostratzea Araban eta Euskal Herrian integratzeko borondatea dutela. "Trebiñu eta Argantzon udalerriak Arabako Lurralde Historikoan erabat integratzea lortu arte lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu gaur berriro. Trebiñu eta Argantzongo herritarrek zerbitzu publikoak berdintasunez izateko duten eskubidea defendatuko dugu, herrialdeko edozein herritarrek bezala. Eta enklabearen interesak defendatuko ditugu Europako erakundeen aurrean bere etorkizunerako garrantzitsuak diren gaietan, hala nola nekazaritza-politikan, ekonomia-politiketan edo klima-erronkan ", nabarmendu du Ibon San Saturninok.
Arabako EH Bilduko arduradun politikoak arratsaldean antolatu duten bisita gidatu batean parte hartu ostean egin ditu adierazpenok. Bisita San Joan baselizan hasi da, non plaka batek gogorarazten duen Antso VI .a Jakituna errege nafarrak sortu zuela herria 1.161. urtean. Hala ere, 1.200 urtean Gaztelako erresumara igaro zen. Araban enklabea sartzeko ahaleginak egin ziren arren, 1833an, Espainiako Estatua probintzietan banatzearekin bat, enklabe hori Burgosi esleitu zitzaion errege-dekretu bidez.
Pablo Ortiz de Latierro eta Ritxar Astegieta EH Bilduren Argantzongo eta Trebiñuko bozeramaileek, hurrenez hurren, banaketa administratibo horrek bizilagunei dakarzkien ondorioak zehaztu dituzte. Ikastetxearen ondoan gogoratu dute Gasteizera joatea dela ikastetxe publiko batean ikasketak euskaraz egin ahal izateko aukera bakarra. Gauza bera gertatzen da osasunarekin, Trebiñun erroldatuta daudenek ezin baitute Osakidetzako zerbitzuetara jo. Zaintzen arloan, ia zerbitzu guztiak Gasteizen ematen dira. "Zerrenda amaigabea da", azpimarratu dute.
Udaletxearen aurrean, gogorarazi dute trebiñarrek askotan eskatu dutela Araban integratzea. Ekimenik ezagunena, agian, 1998ko martxoaren 8an egin zen herri-galdeketa izan zen, bertan bizi ziren herritar gehienak hautestontzietara joan baitziren Trebiñu Araba dela aldarrikatzeko.