Besteak beste, udalerriko aparkalekuak estaltzeko aukera aztertzea proposatu dute, plaka fotovoltaikoak jartzeko
Araba. 08-12-2024 | Laguardiako EH Bildu udal taldeak udalerriko aurrekontu proiektua hobetzeko proposamenak helarazi dizkio udal gobernuari
EH Bilduk bere proposamenaren ardatz gisa jarri du etxebizitza: 150.000 euroko partida bat prestatzea proposatu dute Laguardiako Alde Zaharrean hutsik dauden bi etxebizitza erosteko, etxebizitza horiek birgaitzeko eta alokairuko etxebizitza sozialak egiteko, batez ere gazteentzat.
Ingurumena ere protagonista da EH Bilduren proposamenean, eta, hala, aparkaleku publikoak estaltzea aztertzea proposatu dute, plaka fotovoltaikoak jartzeko, eta hala, Laguardiako autosufizientzia energetikoa handitzea. Gainera, 27.000 euroko partida bat sortzea proposatu dute, hirigunearen inguruko zuhaitzak birlandatzeko eta mantentzeko.
Udal taldeak uste du, halaber, landa-bideak zaintzeko partida ez dela nahikoa, eta 125.000 eurokoa izatea proposatu du.
Turismoari dagokionez, EH Bilduk proposatu du 10.000 euroko partida bat prestatzea Turismo Jasangarriko proiektu bat garatzeko plan bat egiteko, Laguardiako bizilagunen, bisitarien eta turismo-enpresen arteko harreman positiboa ahalbidetzeko.
Azkenik, Lagurdiako elkarteei dagokienez, dantza taldeari 3.000 euroko dirulaguntza ematea eta 2010etik kitatzeke dagoen peñen dirulaguntzaren zatia kitatzea eskatu dute.