Legegintzaldia bukatu baino lehen 12 urte azpiko ume guztien jarduera fisikoa ludikoa eta kirolanitzekoa bermatuko duen programa bat abiatzea eskatu dute, besteak beste
Araba. 2025-02-15 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bidez proposatu dio Foru Gobernuari eskola kirola programa eskola-aldiaren etapa guztietara zabaltzea jolas librearen onurak oinarri hartuta.
Eskola Kirola umeek nahitaezko eskola-aldian, 6-16 urte bitartean, eskola-orduetatik kanpo egiten dituzten kirol jarduerak dira. Adin horietan haurren garapenerako kirola eta jarduera fisikoa egitea oso garrantzitsua da eta, gainera, jarduera hezigarriak dira eta eskola-umeen heziketa integralaren barruan kokatzen dira.
Xabier Valdor EH Bildu Arabaren batzarkideak eskola kirolaren garrantzia nabarmendu du: «Kirol eta jarduera fisikoen ohiturek on egiten digute, eta garapen pertsonal integralean eta gizarte kohesio eta egituraketa komunitarioan determinantea izan daiteke. Ohitura horiek eskuratzeko, nahitaez, prozesu bat igaro behar dugu, eta prozesu hori hasierako adinetan ematea guztiz beharrezkoa da, baina ez edonola, haurraren garapen etapak eta ezaugarriak errespetatu behar dira. Eta eskola adineko etapen ezaugarriak kontutan hartuta diseinatu beharra daude eskola adineko programak eta jarduera fisikoa».
Valdorrek esan du Gipuzkoan aspaldi lehenesten dutela eskola kirola kirol federatuaren gainetik. Horren harira, gogora ekarri nahi izan du joan den urtarrilean EAEko auzitegi gorenak epai bat atera zuela filosofia eta oinarri horien kontra egiten duena, zehazki Gipuzkoako eskola kirolaren multikirol programaren kontra. Arabari dagokionez, Kirol diputatuak agindu zuen gaiari buruzko dekretua emango zuela 2024ko ekainerako: «Gaur da eguna, oraindik ere horrelakorik egin ez duena», deitoratu du Valdorrek.
Etapa guztietara
Hala, Foru Aldundiari eskatuko diote Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren 2/2023 Legea garatzeko urratsak eman ditzala, « egon daitezkeen interes partikularren gainetik eta betiere adingabeen garapen integrala babesteko». Horrekin batera, Eskola Kirola eskolaldiaren etapa guztietara zabaltzeko ere eskatuko diote Diputazioari, «jolas librea bermatzeko, eskola adineko kirola ikastetxeen bidez egituratzeko, eta kirol federatutik kanpoko geratzen diren hezkuntza-etapa horretako biztanleei arreta emateko».
Halaber, legegintzaldia bukatu baino lehen 12 urte azpiko ume guztien jarduera fisiko ludiko eta kirolanitzekoa garatzeko programa bat martxan jar dezala eskatuko diote Gobernuari, baita eskola kirolaren onuren berri emateko kanpaina bat ere lurraldeko hezkuntza komunitateetan, guraso elkarteetan eta kirol elkarte nahiz klubetan. «Egiten duena baino askoz gehiago egin dezake Arabako Foru Aldundiak multikirola sistemaren ardatza izateko, eta aditu eta ikerketa ezberdinei kasu egiten badiegu, modalitate hau hobetsi behar da umeen garapen integrala bermatze aldera», amaitu du Valdorrek.