EH Bilduk agerraldia egin du gaur egoitza zentroak hitzartzeko Foru Arauaren behin betiko bertsioa aurkezteko. Proposamen horren zirriborroa joan den ekainean aurkeztu zuten, eta orduan hasi zuen EH Bilduk kontraste prozesua hainbat eragile sozialekin eta sindikaturekin. Arauaren helburu nagusiak egoiliarren eta zentro horietan lan egiten duten profesionalen arreta-baldintzak hobetzea da.
Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduren Arabako batzarkide taldeko bozeramaileak eta Claudia Venceslao arloaren arduradunak argi dute: Araban gero eta eskari handiagoa dagoenez, arau hori izango da erakunde publikoekin lankidetzan aritu nahi duten egoitza pribatuei eska dakiekeen funtzionamendu-esparru komuna ezarriko duen tresna, lan-baldintzak eta arreta-baldintzak homogeneizatuz eta, ahal den neurrian, egoitza horiek dauden baliabide publikoekin parekatuz.
Hala eta guztiz ere, EH Bilduk argi du bere apustua, hots, eredu publikoa, baina eskari handiaren joera irauli arte, beharrezkotzat jo du itunpetzearekin jarraitzea, kolektibo horri erantzuteko erantzun egokiena baita. "Arau honek zerbitzu-txekeen (Zerbitzuari lotutako Prestazio Ekonomikoak) existentzia oztopatzeko balio beharko luke, prestazio horiek dituzten erabiltzaileek jasotzen dituzten egoitzek itundutako egoitza baten baldintza berak bete behar izatea eskatuko baitu", zehaztu du Fernandez de Pinedok.
Neurri zehatzak eta ekarpenak
Hainbat eragilerekin izandako bilera-sortari dagokionez, zirriborroak oso harrera ona izan duela adierazi du Claudia Venceslao batzarkideak. Sindikatuek laguntzaileen garbiketa-funtzioen, ratioen igoeraren eta egoitza-zentro osoaren ituntzearen gaia nabarmendu zuten. Ekarpen zehatzak ere egin zituzten, hala nola zentroek berdintasun-planak izan behar dituztela, indarkeria matxistaren eta transfobiaren eta homofobiaren aurkako protokoloak egin behar direla zentroetan, eta PAI delakoan, erabiltzaileen erritmoak eta nahiak errespetatzeko moduko ordutegiak ezarri behar direla, pertsonak babesteko.
Venceslaok azaldu duenez, gaur egun, zenbait egoitzatan, arropa garbitzeko, mantentzeko edo lisatzeko lanak erizaintzako laguntzaileek egiten dituzte, egoiliarren zuzeneko arretaren kaltetan. Hala ere, arau horrekin hori ez litzateke beharrezkoa izango, ostatuaren, mantenuaren eta jantzien mantentze-lanen lanbide-kategoria guztietan ratioak handitzea aurreikusten baita.
Osasun-arretari dagokionez, Venceslaok egoiliarren medikazioaren prestakuntza arautzearen alde egin du: "Erizainak prestatuko du jarraibide medikoa, eta ez gaur egun bezala, non egoitza batzuetan medikazioak erizaintzako laguntzaileek prestatzen dituzten". Horrekin batera, osasun-kontsultetara laguntzeko protokolo bat sortuko da, eta bertan zehaztuko da zein profesionalek hartuko dituen bere gain laguntza horiek, gizarte- edo familia-babesik ez dagoenean.
Azkenik, EH Bilduk giza baliabideen arloa indartzearen alde egin du, besteak beste, erizaintzako arreta astelehenetik igandera bermatuz. Ildo horretan, langileen ratioak ere igo egingo dira bat-batean sortutako kausak daudenean, hala nola gaixotasunak edo pandemiak. "Gaur egun, egoitza pribatuetako ratioak oso urriak dira; zaintzan kalitatea eman nahi badugu, inbertsio ekonomiko handia egin behar da, eta egoitza-zentro horietan profesional gehiago egon behar dira", adierazi du Venceslaok.