AKTUALITATEA


| 2026-10-30 11:08:00

Kaleko argiteria berritzeko EH Bilduk egindako proposamena ere onartu du osoko bilkurak, segurtasuna bermatzeko eta efizientzia energetikoan aurrera egiteko

Okondo. 2026-10-30 | EH Bildu Okondo udal taldeak mozio bat erregistratu zuen 2025ean, baserriak bi etxebizitzatan edo gehiagotan zatikatu ahal izatea eskatzeko. Aukera hori emateko, Udal Hirigintza Araudia aldatzea proposatu zuen EH Bildu udal taldeak, Udal Arau Subsidiarioek baserriak bereiztea eragozten baitzuten.

Proposamena onartu ondoren, udalak ordenantza bat egitea zen hurrengo pausoa, eta atzo egindako udalbatzan onartu zuten araudi berria. Okondoko EH Bildu udal taldeak berri ontzat jo zuen ordenantza onartu izana. «Arau-aldaketa lehenbailehen egin behar zela ikusten genuen EH Bildutik, Okondoko ondarearen narriadura saihesteaz gain, gure bizilagunen etxebizitza-premia ere asetu behar delako. Okondoko baserriak, gure ondarea, hondatzen eta behera etortzen ari direla ikusten ari ginen, eta ezin genuen hori onartu, areago bizitzen ari garen etxebizitza premia larria ikusita», adierazi du Joseba Ruiz EH Bilduren Okondoko bozeramaileak.

Atzo onartutako araudiari emendakinak egiteko epea zabaldu da orain, eta EH Bilduk dagoeneko iragarri du ordenantzari zuzenketak egingo dizkiola; izan ere, talde soberanista ohartu baita ordenantzan ez direla hainbat baserri sartu, nahiz eta araudia aplikatzeko modukoak izan.

Kaleko argiteria

EH Bilduri esker, halaber, Okondoko kaleko argiteria berrituko da, herritarren segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, eta efizientzia energetikoa bermatzeko. EH Bilduk egindako proposamena izan zen hori ere, 2024-2025erako Obra eta Zerbitzuaren Foru Planeko dirulaguntzen testuinguruan.

EH Bilduren iritziko, errepide nagusiko kale-argiez harago, eskasa da Okondoko kale eta auzoetako argiztapena. «Okondoko herritarren ongizatea da EH Bilduren lanaren ardatza, eta horrek dakar segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea. Ez da onargarria 2026. urtean ilunpetan mugitu behar izatea gure herrian», esan du Ruizek.