Asiatik datorren espezie inbaditzailea 2025ean ikusi zen lehen aldiz Araban, eta izurritea eremu berrietara hedatuko dela aurreikusten denez, kontrol neurriak zorrozteko eskatu diote Diputazioari
Araba. 2026-10-26 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak hainbat prebentzio-neurri eskatzeko mozioa erregistratu zuen joan den uztailean, ezpeletako sitsaren hedapenari aurre egiteko. Cydalima perspectalis sitsa Asia ekialdeko espezie natiboa da, eta espezie exotiko inbaditzaile gisa hedatu da Europan. Arazo bat da ezpelarentzat, haren hostoez elikatzen baita hostoak galaraziz, eta landareak pixkanaka ahultzea eragin dezake eta, kasu batzuetan, baita zuhaixka horren azalera zabalak desagertzea ere. Gaur eztabaidatu da EH Bilduren mozioa Nekazaritza Batzordean, eta horretan oinarrituta, mozio berri bat adostu dute EH Bilduk, EAJk eta PSEk, eta aho batez onartu da.
Egoera horren aurrean, gaurko mozioan Diputazioari eskatu diote urtea amaitu baino lehen amai dezala sitsaren inpaktuaren azterketa, eta era berean, bere zabalpenaren kontrola areagotu dezala tresna egokiekin eta biodibertsitatearekin bateragarriak diren baliabideekin. Noski, izurriari aurre egiteko neurriak hartzeko ere eskatu diote, baita izurriaren bilakaeraren berri emateko ere. Azkenik, kaltetutako tokiko erakundeei ebaluazioaren berri ematea eskatu dute taldeek, eta horiekin koordinatzea ere bai, detekzioan, prebentzioan eta aurrera eraman beharreko jarduketetan. Izurriteari aurre egiteko jarduera-protokolo bat egiteko aukera ere jaso dute eskaeren artean.
«EH Bildun uste dugu funtsezkoa dela arazoaren dimentsioa ezagutzea, etengabeko behaketari eustea eta kontrol neurri egokiak aztertzea. Ezin dugu itxaron kalteak zabaldu arte: aurrea hartu behar dugu, gure ondare naturala babestu eta administrazioek modu koordinatuan jardun dezaten bermatu behar dugu», nabarmendu du Endika Saez de Adana EH Bilduko batzarkideak.
2025. urtean, espezie horren presentzia hauteman zen Lagran eta Bernedo udalerrietan. Ezpelaren sitsaren hainbat foku hurbil daudenez eta sakabanatzeko ahalmen handia dutenez, izurritea Arabako eremu berrietara pixkanaka hedatuko dela aurreikusten da, eta, ondorioz, ezpeldietarako eta horiei lotutako ekosistementzako arriskua areagotzen da.
Ezpelak ekologia-, paisaia- eta ingurumen-balio handia duenez, eta kaltetutako eremuak Natura 2000 Sareko (KBE eta HBBE) eremu babestuen barruan daudenez, beharrezkoa da mehatxu hori behar bezala ebaluatzea eta kudeatzea. Gainera, udalaz gaindiko arazoa denez eta titulartasun desberdineko lursailei eragiten dienez, administrazio eskudunen artean koordinatuta jardun behar da, detekzio goiztiarreko, jarraipeneko eta etengabeko monitorizazioko sistemetan oinarrituta, izurritearen bilakaera ezagutzeko eta kudeaketa-neurri egokienak aplikatzeko.