AKTUALITATEA


| 2021-11-26 12:37:00

Autonomiaz Gaindiko Lurralde Eremuko Jatorri Deituren eta Adierazpen Geografiko Babestuen Legea erreformatzeko ekimenari azken danbatekoa eman ondoren, EH Bilduk esan du agerian geratu dela ezinezkoa dela Arabako ardoak adostasunez bereiztea. Kike Fernandez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez, agerian geratu da enpresa talde handien eta Errioxako Gobernuaren borondate falta eta presio gaitasuna, eta agerikoa da, halaber, Arabako mahastizaintza eta ardogintza sektorea gatibu izaten jarraitzeko borondatea eta haien eskaerei erantzuteko borondaterik eza.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk azpimarratu du bereizketa biziraute kontua dela oraindik, eta, beraz, bideragarritasun eraginkorra izan dezaketen bideak lantzen jarraitu behar dela. Ildo horretan, EH Bilduren iritziz, Arabako Mahastiak JDren sorrera gauzatzeko izapidetzeak aurrera jarraitzen du, eta, gaur egun, horixe da Arabako Errioxako ardoak bereizteko helburua lortzeko bide bakarra.

“Ate bat ixten bada, Arabako Errioxak beste ate batzuk irekitzen jarraitu beharko du, bere etorkizuna bermatzeko. Eta kasu honetan, etorkizuna bereizketaren sinonimoa da, baita erabaki propioak hartzeko subiranotasunarena ere”, Fernandez de Pinedok nabarmendu duenez.

EH Bilduren esanetan, Jatorri Izendapen berri bat sortzeak aukera emango du Arabako Errioxako ardoa sustatu eta defendatzeko, ardo-urtea kalifikatzeko, etiketaren baldintzak zehazteko, ziurtagiri egokiak emateko, ekoizpen-mugak ezartzeko… Azken batean, Arabako Errioxan ekoizten den ardoaren kalitatea eta kantitatea kontrolatzeko. Izendapen horretan, atxikimenduak borondatezkoak izango dira, eta sektoreari alternatibak irekiko dizkio, gehien komeni zaion formula aukeratzeko.