AKTUALITATEA


| 2023-08-01 11:17:00

Araba. 2023-08-01 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak Gizarte Politiketako foru diputatuaren agerraldia eskatu du gaur, SATSE sindikatuak egindako salaketa bat dela-eta. Sindikatuak salatu du Gizarte Ongizateko Foru Erakundeak haurdun dauden emakumeak diskriminatzen dituela lan-poltsetan, haurdunaldiak arriskua izan dezakeen kasuetan.

Zehazki, sindikatuak GOFEko aldi baterako langileek haurdunaldian zehar jasaten duten diskriminazioa salatu du talde politikoei bidalitako mezu batean. Sindikatuaren arabera, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen aldi baterako lan-poltsen kudeaketa erregulatzen duen egungo araudiak diskriminatu egiten ditu langile horiek, eta beste izendapen bat eskuratzea eragozten die kontratua amaitu bazaie eta haurdunaldian arriskua babesteko egoeran badaude.

«Egoera onartezina»

Egoeraren larritasunaren aurrean, EH Bildu batzarkide taldeak Gizarte Politiketako diputatuaren agerraldia eskatu du, horri buruzko azalpenak eman ditzan; izan ere, EH Bilduren ustez, egoera «onartezina da, nondik begiratzen zaion, are gehiago aurten bertan GOFEren berdintasun-plana onartu dela kontuan hartuta, emakumeenganako diskriminazio horri eusten bazaio».

Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkideak salatu duenez, «egoera honek nabarmen urratzen ditu, besteak beste, emakumeen eta gizonen berdintasunerako legeak eta onartu berri den GOFEren berdintasun-plana». Gainera, Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren arabera, haurdun dauden emakumeei ezin zaizkie egotzi haurdunaldiaren ondoriozko edozein arrisku-egoeragatik ezartzen zaizkien laneko ondorioak eta ondorio ekonomikoak.