AKTUALITATEA


| 2024-02-27 09:01:00

Laudioko Gobernu Taldea, EH Bildu-Omnia, oniritzia eman dio gaur arratsaldean 2024ko aurrekontu orokorrari, izaera tekniko nabarmenekoa, 25,3 milioi eurotik gorako aurrekontuei (aurreko ekitaldian baino % 1,38 gehiago); Udal Euskaltegia, erakunde autonomoa, barne hartuta. 2024ko aurrekontuak aurrera atera dira Gobernu Taldearen aldeko botoekin, PSE-EEren abstentzioarekin eta EAJren kontrako botoekin. Aurrekontu horien bidez, EH Bildu-Omnia Gobernu Taldeak kultura berri bat sortu eta Udalaren antolaketa politiko berria islatu nahi du, herritarren partaidetzarako politikak bultzatuz, aurrekontu-programa berriak garatuz eta zerbitzu eta politika publikoak mantenduz.

Lehen aurrekontu-sorta hori aurrekontu kolaboratibo batekin osatuko da, 2023ko urteko kitapenetik sortutako baliabideak jasoz. Kitapen aurrekontua partaidetza-prozesu baten bitartez jorratuko da martxoaren amaieran. Fase horri begira, Gobernu Taldeak PSE-EErekin sinatu du aurrekontuan 404.260 euroko proposamenak sartzea, alderdi horrek aurrekontu-eztabaidan egindako emendakinetan oinarrituta.

Udal antolaketa berria

Gobernu Taldeak, EH Bildu-Omniak, legealdiaren hasieran antolaketa politiko berri bat ezarri zuen Udalean, udal kudeaketa sei arlotan egituratuz: Udal Kudeaketa, Zeharkako Politikak, Lurralde Garapen Iraunkorra, Identitatea, Garapen Ekonomikoa eta Gizarte Ongizatea. Hori horrela, eta udalerriko aurrekontupolitiketan auzotarrek eragin eta erabaki dezaten, erabakigarria izango da auzoko batzarretan eta kontseilu sektorialetan parte hartzea.

Zifretan, Udal-Kudeaketaren arloak 1.636.442,53 euro izango ditu, Zeharkako Politiken arlo berriak 595.740,45 euro, eta Lurralde Garapen Iraunkorraren arloak 3.633.068,67 euroko aurrekontua. Nortasunaren, Garapen Ekonomikoaren eta Gizarte Ongizatearen arloek 2 milioi euro, 413.325 euro eta 2,17 milioi euro izango dituzte, hurrenez hurren. Ildo horretan, nabarmendu behar da Gobernu Taldeak programa eta aurrekontu-partida berriak sortu dituela ingurumenerako, artxiboetarako, jaietarako (gabonak, inauteriak, auzoak eta abar), energiarako, bidaiarien garraiorako, gardentasunerako eta zeharkako politiketarako.

Gauzak horrela, arloka, igoera bat aurreikusten da: ingurumena eta jasangarritasun energetikoan (%46,42), gobernantza feministan (%2,82), adikzioen prebentzioan eta osasun publikoan (%21 eta %4, hurrenez hurren), enpleguaren sustapenean (%4,24), eta liburutegian ( %15,45). Kultura- eta kiroleragileentzako dirulaguntzak ere handituko dira (%15), eta sistema informatiko errietan inbertituko da (%16,57). Horrez gain, tokiko merkataritza bultzatzeko aplikazioa %53,84 handituko da.

Diru-sarrerak

Aurreikusitako diru-sarreren artean, bolumen handieneko aplikazioa transferentzia arrunten kapituluari dagokio, 14,7 milioirekin, aurreikusitako diru-sarrera guztien %58,32a, eta horietatik FOFELek % 95 jarriko du.

Zuzeneko zergen kapituluko diru-sarreren aurreikuspena Udalaren diru-sarrera guztien %23,5a suposatzen du, zehazki, 5.953.907,02 euro. Bildutakoa landa- eta hiri-ondasun higiezinen gaineko zergetatik, EJZetik eta hiri-lurren baliogehikuntzaren gaineko zergetatik dator. Zeharkako zergak, aldiz, diru-sarreren %1,08a baino ez dira (273.603,73 euro), eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergetatik datoz.

Tasak, prezio publikoak eta bestelako sarrerak barne hartzen dituen kapitulutik Udalak 2.980.691,25 euro biltzea aurreikusten du, sarrera guztien %11,76. Eta aurten ere Gobernu Taldeak 137.300,04 euroko diru-sarrera aurreikusten du tokiko ondarearen aprobetxamenduari dagokionez.

Kapital-transferentziak sarreren %4,74 izango dira, 1.201.019 euro, eta 2023ko aurrekontuekin alderatuta, %876,44ko igoera izango dute. Kapitulu honetan azpiegiturak eta obra txikiak hobetzeko foru-planetatik datozen partidak jasotzen dira, baita Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak ere.