AKTUALITATEA


| 2023-05-25 13:02:00

Eva Lopez de Arroyabe ahaldungai nagusiak esan du gaur EH Bildu Lur Jareetako barrutian hirugarren batzarkidea lortzeko moduan dagoela, eta helburu hori ezarri du datorren iganderako, alegia, Gustavo Fernandez Zalduondoko alkatea, koalizioaren zerrendako hirugarren postuan dagoena, “Batzar Nagusietara eramatea”. Aldarrikatu duenez, “Lur Jareetan hiru baietz, posiblea da”. Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, Lur Jareetako barrutiak Lautada, Gorbeialdea, Añana, Mendialdea eta Arabar Errioxako kuadrillak hartzen ditu.

Javier Argote da EH Bilduren zerrendaburua Lur Jareetan, Esti Besa Arabar Errioxakoa da bigarrena, eta Gustavo Fernandez Zalduondoko alkateak betetzen du hirugarren postua. Lopez de Arroyabek Fernandezen lana goraipatu du, “alkate bezala, erakutsi digulako gauza handiak egin daitezkeela baliabide gutxi dituen udal txiki batean; Kuadrillako presidente bezala, Aguraingo Kuadrilla Lautadako Kuadrilla bihurtu zuen, erakunde horren funtzionamendua irauli zuen eta eskualdeko zortzi udalen zerbitzura ipini zuen; eta Lautadako Landa Garapeneko Elkarteko presidente bezala, Elikagaiak Eraldatzeko Zentroa martxan jartzearekin tematu da, Donemiliagako Udalarekin batera”.

Datorren igandean “Lautadan asko dugu jokoan”, ohartarazi du Lopez de Arroyabek, besteak beste, Lautadako Kuadrillako lehendakaritza berreskuratzeko, eta berretsi du hauteskunde hauetan bi aukera besterik ez daudela: “edo betikoa edo EH Bilduren eskutik datozen irtenbide berriak, gehiengo berriekin eta lidergo berriekin”.