Oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalen lan-zama gehiegizkoa ote den jakitea ezinbestekotzat jo du EH Bilduk, beharrezko zuzentze-neurriak hartze aldera
Araba. 2025-01-13 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Arabako oinarrizko gizarte zerbitzuek duten lan karga aztertzeko aurkeztutako mozioa aho batez onartu dute gaur Batzar Nagusiek Gizarte Politiketako batzordean.
Claudia Venceslao EH Bildu Arabako batzarkideak adierazi du Arabako biztanleria hazi egin dela azken urteotan eta, hala, gizarte zerbitzuen eskatzaile kopuruak ere gora egin duela. «2017an, 326.574 pertsona bizi ziren Araban, eta 9.531 pertsonak eskatu zituzten gizarte-zerbitzuak. Aldiz, Gizarte Ongizate Foru Erakundearen azken memoriak dio 2023an 11.868 pertsonari eman zitzaiela arreta Oinarrizko Gizarte Zerbitzu horietan, 336.686 pertsonako biztanleriarekin», esan du Venceslaok.
Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuak 2017an argitaratu zuen Arabako landa-eremuko Gizarte Zerbitzuen lan-kargaren azterketa, eta geroztik ez da eguneratu ikerketa hori. «Uste dugu beharrezkoa dela azterlan hori eguneratzea gizarte zerbitzuetan lan egiten duten profesionalen lan-kargaren argazki erreala izateko, eta gainkarga ote dagoen jakiteko. Soilik horrela lortuko dugu desorekak zuzentzeko edota gabeziak detektatzeko behar diren ekintzak gauzatzea. EH Bilduren helburua da kalitatezko gizarte zerbitzuak bermatzea herritar guztientzat», esan du Claudia Venceslao batzarkideak.