AKTUALITATEA


| 2022-07-22 12:59:00

Araba | 2022-07-22. EH Bildu Araba batzarkide taldea kezkatuta agertu da gaur azken asteotan Araban izaten ari den lehortea dela-eta. Hala, Ingurumeneko diputatuaren urgentziazko agerraldia eskatu du, zer neurri aplikatzen ari den jakiteko.

Agerraldi eskaeran EH Bilduk adierazi du azken asteotako beroaldiak eta euri faltak lehortea eragin dutela            , «eta dagoeneko badaude horniduran mozketak pairatzen ari diren hainbat herri». Hori gutxi ez balitz, «datozen asteotako aurreikuspen meteorologikoek ez dute kasik prezipitaziorik iragartzen».

Hori hala izanik, Batzar Nagusietako presidenteari eskatu dio urgentziaz deitu dezala Batzorde Nagusietako Batzorde Iraunkorra, Ingurumeneko diputatuak bertan agerraldia egin dezan, «uraren horniduraren kudeaketan dituen eskumenak eta egoeraren larritasuna datozen asteotan areagotu daitekeela» kontuan hartuta.

Azken berrien arabera, Araba osoko 8.000 herritar inguru ari dira pairatzen hornidura murrizketak, ur eskasia dela-eta. Horregatik eskatu du EH Bilduk Ingurumeneko diputatuaren agerraldia, areago kontuan hartuta diputatu hori  bera dela Urbide ur-partzuergoko presidentea, hari baitagokio neurriak hartzea. Indarrean dauden neurrien eta etorkizunean hartuko direnen berri jaso nahi du EH Bilduk.