AKTUALITATEA


| 2024-11-15 12:22:00

Eva Lopez de Arroyabe bozeramaileak «negoziatzen eta adosten jarraitzeko prestutasun osoa» adierazi du EH Bilduren izenean

Araba. 2024-11-15 | EH Bildu Arabak Arabako Foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuaren lehen balorazioa egin du gaur.  

Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak esan duenez, aurrekontu proiektuak ez du berrikuntzarik, eta inertziatik ateratzeko garaia da: «Gaur aurkeztu dizkiguten aurrekontuek ez daukate alde handirik Foru Gobernuak azken hamarkadan planteatu duenarekin. Uste dugu badela garaia inertziatik ateratzeko eta mahai gainean ditugun erronkei erantzungo dieten politika publikoak abiatzeko».

Bozeramaileak adierazi du EH Bildu aspaldi ari dela ildo horretan lanean, eta hala, EH Bilduk aurkeztutako hainbat neurri errealitate bihurtu dira, EAJk eta PSEk baztertu ondoren, errealitatetik at zeudelakoan. «Horren adibidea da garraio publikoa doakoa izatea 12 urtetik beherakoentzat», esan du Lopez de Arroyabek.

Bozeramaileak esan du EAJ eta PSErekin bat egiten dutela diagnostikoan, baina neurrietan dagoela aldea: «Diagnostikoa konpartitzen dugu Gobernuko alderdiekin, baina uste dugu Arabako gizarteak neurri berritzaileak behar dituela, neurri anbiziotsuak eta ausartak, aurrez aurre ditugun erronkei erantzuteko».

«Azken asteotan, elkarrizketak azkartu egin ditugu aurrekontu-neurrietan beste eredu bat ezartzen joateko. Adibidez, tokiko entitateekin elkarlanean, Diputazioaren inplikazioa bilatzea alokairuko eta gazteentzako etxebizitza sustatzen; gizarte politiketan, prekarietatearekin amaitzeaz eta erresidentzietako plaza publikoez ari gara; trantsizio ekosozialaz ari gara, eta energia berriztagarriak non kokatu demokratikoki erabakitzeaz, eta administrazioa eragile aktiboaz ari gara, lehen sektorea agroekologiaranzko pausoa eman dezan; eta azkenik, tokiko entitateak ahalduntzeaz ari gara, Arabako despopulazioarekin amaitzeko».

Eva Lopez de Arroyabek Foru Gobernuarekin negoziatzen jarraitzeko borondatea nabarmendu du: «Berriz ere nabarmendu nahi dugu gure prestutasuna negoziatzen eta adosten jarraitzeko, arabar guztien ongizatea bermatuko dituzten aurrekontuak lortzeko».