Euskal nazioa aitortzea, erabakitzeko eskubidea eta aldebikotasuna aldarrikatzen ditu testuak, besteak beste
Araba. 2024-11-13 | EH Bildu Araba eta EAJ batzarkide taldeek erdibideko mozioa adostu dute Arabako Batzar Nagusien gaurko osoko bilkuran, egungo autogobernua eguneratzeko eskatuz.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramailea pozik eta itxaropentsu agertu da akordioaren aurrean: «Baldintza berriak sortzeko unea da, gehiengo sozialarekin, euskal gizartearekin eta gehiengo herrikoi eta demokratikoekin. Horregatik lortu nahi izan dugu akordio bat, ganbera honetako gehiengoa eta, beraz, Arabako gizartearen gehiengoa ordezkatuko duena, entzuten zaigun lekura eraman dezagun», adierazi du Lopez de Arroyabek bere hitzartzean.
Hala, bozeramaileak esan du egungo autonomia estatutua agortuta dagoela, 40 urtean ez baita bete, eta eskumenak tantaka iristen direlako. «Guk ez diogu uko egiten eskumen guztiak lortzeari, baina batez ere jauzi kualitatibo bat eman behar dugu. Eta egin beharreko urratsak behetik gora egin behar dira, hemen egin behar dira, lurraldean, herrialdean, gure artean akordio demokratikoak lortuz eta Estatuari helaraziz», esan du, estatus berria lortzeko bide gisa.
Adostutako testuak hitzez hitz dio bere lehen puntuan: «Arabako Batzar Nagusiek berresten dute euskal autogobernua eguneratzeak barnean hartu behar duela gure eskumenak berritzea eta euskal gizartearen egungo eskaera eta beharretara egokitzea». Ildo horretan, egungo estatutua osorik betetzea, murriztutako autogobernua berreskuratzea eta eskumen kopurua handitzea eskatu dute Batzar Nagusiek.
Halaber, Batzar Nagusiek eskatu dute Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea, aldebikotasuna eta Euskal Herriaren iritzia eta eskaerak aintzat hartzea Europan, euskal nazioaren aitortzan eta pertenentzia sentimendu ezberdinetan oinarrituta.
Eva Lopez de Arroyabek subiranotasunaren esanahia aletu du, hainbat adibide emanez. Hala, adierazi du Euskal Herriak subiranotasuna behar duela «gure beharrei erantzungo dieten politika publikoak ezarri ahal izateko; gure gizarte- eta lan-errealitatearekin bat datorren LGS bat ezarri ahal izateko; energia-sistemari buruz erabakitzeko; Europan eragin ahal izateko gure herrialdeko lehen sektorean eragina duten politiketan; zaintza eskubide subjektiboa izan dadin lortzeko. Azken batean, subiranotasuna behar dugu herri honek duen potentzial guztia askatzeko», amaitu du Lopez de Arroyabek.