AKTUALITATEA


| 2022-09-27 11:09:00

Araba | 2022-09-27. EH Bildu Araba batzarkide taldeak salatu du gizarte bazterketa larrian dauden pertsonentzako errekurtsoak murriztu egin direla, eta beraz, errekurtso berriak sortzea eskatu du oso kaltebera den eta urteen poderioz Araban hazten ari den kolektibo horri arreta emateko.

Foru Aldundiak bost etxebizitza zituen gizarte bazterkeria larrian zeuden pertsonei eta kartzelan daudenei arreta emateko, baina joan den uztailaren 1ean Eusko Jaurlaritzaren gain geratu ziren. Aldundiaren etxebizitza horiek 19 pertsonari arreta emateko aukera zuten, eta orain Besarkada Etxeak emango dio arreta kolektibo zaurgarri horri; Besarkada Etxeak 14 plaza baino ez ditu.

EH Bilduk uztaileko osoko bilkurara eraman zuen gaia, eta, Sailak iragarri zuen aurten 13 plazako baliabide bat ezarriko dela.

Gabezia larriak

Gure lurraldeak kolektibo hori artatzen duten baliabideetan dituen gabezia larrien aurrean, EH Bilduk bi baliabide sortzea proposatu du: eguneko arretarako bat eta gaueko harrerarako beste bat. Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkideak salatu duenez, «Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Zerbitzuen I. Plan Estrategikoaren Ebaluazioan, adierazi zuten Foru Erakundeak gabezia larriak dituela gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonen arretaren arloan», eta horregatik egin dute proposamena.

Venceslaok salatu du aurrez zeuden gabeziek okerrera egin dutela: «Gabezia horiek areagotu egin dira, Foru Gobernuaren erabakia 33 plaza kentzea izan baitzen». «Oso kaltebera den kolektibo horrekiko konpromiso eta sentsibilitate falta salatzen dugu», amaitu du Venceslaok.