AKTUALITATEA


| 2024-07-19 08:34:00

Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bildu, EAJ eta PSEren artean lortutako akordioa Araban ere posible dela uste du EH Bilduk

Araba. 2024-07-19 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak fiskalitatean adostasuna lortzeko oinarriak biltzen dituen dokumentu bat helarazi dio gaur Foru Gobernuari.

Erreforma fiskalari buruzko eztabaida irailean hasiko dela-eta, EH Bilduk fiskalitateari buruz ezarritako hamar oinarri nagusiak jasotzen ditu dokumentuak. Horien artean daude PFEZean eta Sozietateen Zergan progresibitatea handitzeko neurriak, etxebizitzaren alokairu soziala bultzatzeko zerga-neurriak, ingurumenari dagozkion zergak Europako estandarretara hurbiltzeko neurriak eta merkataritza txikia babesteko neurriak, besteak beste. EH Bilduk, gainera, politika fiskalaren gardentasuna bermatzeko ebaluazio jarraitua egitea planteatu du, iruzurraren aurkako behatoki independentea sortuz.

EH Bilduren ustez, erreforma fiskal berrian landu beharreko gai nagusiak laburbiltzen ditu dokumentuak, oraintsu Gipuzkoako Batzar Nagusietako ponentzian adostu denarekin bat datorrena. «Dokumentu irekia da, etorkizunari begira jarri nahi duena gure politika fiskala, gizarte justuagoa eta sozialki orekatuagoa eraikitzeko balioko diguna», adierazi dute EH Bildutik.

EH Bildu Arabak funtsezkotzat jotzen du euskal lurraldeen arteko harmonizazio fiskala, eta horregatik uste du Gipuzkoan alderdien artean lortutako akordioa Araban ere lor daitekeela.