AKTUALITATEA


| 2026-03-05 10:09:00

Taldeak uste du familia askok ez duela ezagutzen kexak edo iradokizunak aurkezteko prozedura, eta horrek zaildu egiten duela egon daitezkeen gabeziak garaiz detektatzea, zerbitzuaren jarduteko gaitasuna mugatuz

Araba. 2026-03-05 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa aurkeztu du Arabako Batzar Nagusietan, egoitzak ikuskatzeko zerbitzua indartzea eskatzeko eta, horrela, gizarte-zerbitzu guztien gainbegiratze eraginkorra bermatzeko.

Eva Lopez de Arroyabe batzarkide taldeko bozeramaileak azaldu duenez, Gizarte Zerbitzuen Erregistro eta Ikuskaritzako Foru Zerbitzuaren zeregin nagusia titulartasun publiko edo pribatuko gizarte-zentro eta -zerbitzuak ikuskatzea da, adinekoentzako 84 egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuak barne. Baina «Gizarte Politiketako Sailak emandako datuen arabera, zentro horietan egindako ikuskapenen kopurua nahiko txikia da, dagoen guztizkoaren proportzioan», Lopez de Arroyaberen arabera.

Claudia Venceslao prokuradoreak zehaztu duenez, 2023an egoitzen % 61 ikuskatu ziren, eta 2024an zentroen % 32k soilik izan zuen ikuskapen bat edo gehiago. Baina daturik deigarriena 2025ekoa da; izan ere, egoitzen % 16 bakarrik ikuskatu ziren, hau da, zerbitzua 13 zentrotara baino ez zen iritsi, 85eko guztizkoaren artean. «Horrek erakusten du Zerbitzuak dituen sei profesionalak ez direla nahikoa ikuskapen sistematikoa, prebentiboa eta kalitatezkoa bermatzeko, batez ere adinekoen egoitzen eremuan», esan du Venceslaok.

Gainera, EH Bilduk egiaztatu du familia askok ez dakitela zein den kexak aurkezteko prozedura, eta informazio falta horrek zaildu egiten duela akatsak garaiz antzematea, eta, beraz, mugatu egiten duela Zerbitzuaren jarduteko gaitasuna. «Horregatik, uste dugu ezinbestekoa dela protokolo argia, erraza eta eskuragarria ezartzea, kexen eta iradokizunen aurkezpena eta izapidetzea arautzeko».

Azkenik, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela «argitaratutako informazioaren gardentasuna eta xehetasun maila indartzea, ikuskatutako zentroei, antzemandako gorabeherei, hartutako neurri zuzentzaileei eta egindako jarraipenari buruzko datu espezifikoak gehituz».

«Begi-bistakoa da ikuskapen-zerbitzuko profesionalek ezin diotela aurre egin egungo lan-bolumenari, eta, beraz, beharrezkoa da zerbitzua indartzea lurraldeko egoitzetan kalitatezko zaintzak bermatzeko, ahaztu gabe erabiltzaileen familiek beren senideak bizi diren zentroetako ikuskaritzen informazio guztia eskuratu ahal izan behar dutela. Neurri horiei esker, Arabako gizarte-zerbitzuen arretaren kalitatea indartuko da», ondorioztatu du Eva Lopez de Arroyabek.