AKTUALITATEA


| 2023-11-27 11:02:00

Bihar amaituko da Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partzialari alegazioak aurkezteko epea, eta EH Bilduk gaur iragarri du 27 alegazio aurkeztuko dituela guztira. Plan hori oinarrizko tresna da lurraldea antolatzeko eta EH Bilduren ustez, azken bertsioak neurrigabeko hazkundeak planteatzen ditu industria- eta bizitegi-lurzoruan, kontraesan etengabeetan sartzen da eta Tapiaren interesetara erantzuten du, Energia Berriztagarrien Planaren lan ildoak jasoz.

Eva Lopez de Arroyabe eta Unai Fdez de Betoño azaldu dituzte EH Bilduk plan horri egin nahi dizkion zuzenketak. EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak azaldu duenez, industria-lurzoruan hazkunde "neurrigabeak eta justifikaziorik gabekoak" aurreikusten dira, eta premisa faltsu bati erantzuten diote: industria-lursail handien eskaria, hain zuzen. Era berean, desagertu egin dira etxebizitza-eraikuntzarako muga-zehaztapenak. Izan ere, planaren aurrerapenak eremu funtzionalean ia 10.000 etxebizitzaren soberakina zegoela zehazten zen.

Baina EH Bildurentzat, energia berriztagarriaren sorkuntzan dago arazorik handiena. Planak erronka gisa planteatzen du ahalik eta energia beharrak asetzea  berriztagarriarekin. Hala ere, aurrerago onartzen du Arabako Erdialdeak beste eskualde edota lurraldeen ura eta energia berriztagarrien beharrak asetu behar dituela.

Ildo horretan, planaren aurrerapenak apustu garbia egiten zuen panel fotovoltaikoak instalatzearen alde industrialde handien, aparkalekuen, hiriguneen edo landaguneen estalkietan. Horrez gain, Elgeako eta Badaiako parkeak indartzea proposatzen zuen. Orain, dokumentu berriak, Tapia andrearen postulatuak hartzen ditu bere gain, eta parke eolikoak instalatzeko hautatutako bederatzi eremuak ere hartzen ditu. Hala eta guztiz ere, ekoizpen fotovoltaiko 4.900 hektarea gehiago instalatzea proposatu du. Hori guztia zenbat potentzia behar den eta agertoki horretan zenbat gertatuko litzatekeen kalkulatu gabe.

 

"Gure ustez, premiazkoa da helburuak ezartzea, beste formatu batzuetan zenbat energia ekoiztuko den kuantifikatzea eta, ondoren, plaka fotovoltaikoak instalatzeko hektareen kopurua ezartzea. Plan horren arabera, nekazaritza- eta basogintza-balio handiko lurrak % 10etik gorako malda dutenak izan ezik, gainontzeko lur guztiak dira eguzki-baratze bihur daitezkeenak. Herrialdea 10 hektareako lursailez betetzen dute eguzki plakekin ", zehaztu du López de Arroyabek.


Mugikortasunari dagokionez, EH Bilduk nabarmendu du Araba Erdialdeko LPPk ez dituela lurraldearen gabezia handiak konpontzen, hala nola AP.1 eta A1 errepideen arteko lotura eta A1 eta Donostia arteko lotura Gasteiz ekialdean. "Gainera, Arasurreko parke logistikoan salgaiak garraiatzeko Jaurlaritzaren geltoki intermodala egitea planteatzen dugu, Jundiz eta Foronda arteko trenbide-lotura bat, eta Ilarratza eta Argandoña arteko errepidea hobetzea, A1etik Mendialderako zirkulazioa errazteko", azaldu du Fdez de Betoñok.


Gasteizko Udaleko EH Bilduko zinegotziak Miranda eta Iruñea arteko egungo trenbide-korridorea modernizatzearen alde egin du, prestazio handiko tren bat eta korridoreko herriei eta poligonoei zerbitzua emango dien tren sozial bat bultzatzeko.

Azkenik, EH Bilduk zonaldeko ingurune naturala babesteko figura berriak proposatu ditu. Lehenik eta behin, Gasteizko Monteak parke natural izendatzea, eta, bigarrenik, Arabako Lautada biosferaren erreserba bihurtzeko aukera.