AKTUALITATEA


| 2022-06-24 11:52:00

Araba | 2022-06-24. EH Bildu Araba batzarkide taldeak Nekazaritzako foru diputatuari zuzendutako interpelazio bat erregistratu du gaur, jakiteko Nekazaritza Sailak baliabideak ezarriko ote dituen Araban ekoitzitako zereala barne merkatuan saltzeko, modu horretan hornidura eskasia eta prezioen hazkundea ekiditeko.

EH Bilduren iritziz, agerikoa da krisi sozioekonomikoak ondorioak utziko dituela, areago Ukrainako gerraren ondoren, eta egoera hori ondorio zuzenak uzten ari da gizartearentzat: horren adibide gisa, zenbait lehengairen horniduran izaten ari diren arazoak. Horri lotu behar zaio, gainera, lehen sektorea pairatzen ari den egiturazko krisi sakona.

Hori hala izanik, Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Arabako batzarkideak adierazi du egoera ez dela ulergarria: «Jakinda Araba nekazaritzari emandako herrialdea dela, ezin da ulertu ekoizten dugun zereal gehiena esportatzea eta, areago, kontsumitzen duguna nondik datorren ez jakitea». Lopez de Arroyaberen esanetan, «posible da hainbat elikagairen hornidura Arabatik bertatik egitea, baina orain arte bultzatutako eredua espezializazioa izan da, eta herrietan erabat desagertu da dibertsifikazioa. Horrek agerian uzten du nekazaritza sistemaren ahultasuna, eta ondorioak gizarteak pairatzen ditu».