Funtsezko gaiak izan dira proposamenen ardatzak, hala nola etxebizitza eta gazteria, osasun mentala, trantsizio ekosoziala, kultura eta kirola, udalerriko azpiegiturak, udal-funtzionamendua, eta Administrazio Batzarren finantziazioa
Amurrio.2025-01-30 | EH Bilduk Amurrion duen udal taldeak 2025eko aurrekontuetan sartzeko proposamenak aurkeztu zizkion udal gobernuari abenduaren 13an. Proposamen horiek udalerriko egiturazko arazo premiazkoenetako batzuei heltzen saiatzen dira. Horrela, EH Bilduk udal gobernuarekin negoziatzeko gune bat ireki nahi izan du, bere proposamenek aurrekontuak hobetzen dituztela, Amurrioko benetako beharrei erantzuten dietela eta amurriotar guztien bizi-kalitatea hobetzen dutela iritzita. Hala, Jon Berganza EH Bilduren bozeramaileak argi utzi nahi izan du aurrekontu hauek ez direla EH Bildurenak, «baina nabarmen hobetu dira gure ekarpenei esker».
Proposatutako neurri guztietatik, nabarmentzekoa da etxebizitzaren eta gazteriaren arloan lortutakoa, hutsik dauden etxebizitzen plan bat egitea lortu baita, merkatura atera litezkeen higiezinak kuantifikatzeko. Era berean, OHZren Ordenantza Fiskaleko hobariak eragiten dituzten errenta-tarteak berrikustea lortu da, herritar gehiagok hobariak jaso ditzaten. Bestalde, 20.000 eurotan igo da emantzipazioa eta gazteen osasun mentalaren prebentzioa hobetzea.
Administrazio Batzarrak finantzatzeko gaietan, batzar horietara bideratutako partida % 11 handitzea lortu da urteko IKParen eguneraketaz gain, bai eta tokiko enplegua sustatzeko programak mantentzeko lanetan emandako egunak % 50ean handitzea ere.
Kulturaren alorrean, EH Bilduk tokiko artisten lana sustatzea lortu du, eta, berrikuntza gisa, 18.000 euroko partida espezifiko bat sartu da Amurrio Antzokiko ekoizpen propioa egiteko. Nabarmentzekoa da, halaber, leihatila bakarraren sistema, zeinak aholkularitzan eta herriko elkarteek egin behar dituzten administrazio-izapideen kudeaketan estaldura eraginkorragoa ematea ahalbideratuko duen. Bestalde, udal-elkarteei dirulaguntzak emateko, oinarriak argi eta irizpide objektiboekin ezartzeko konpromisoa lortu da.
Jasangarritasunari dagokionez, hitzarmenak jasotzen du udalerriko energia-beharrak eta energia berriztagarriak ekoizteko plantak instalatzeko kokapen onenak ezartzen dituzten azterlan bana idaztea. Era berean, partida ekonomiko bat lortu da Aresketamendiko naturgunea lehengoratzeko. Bestalde, kartoizko eta plastikozko atez ateko bilketa-zerbitzua gure industrialdeetako enpresei berrezartzea lortu da; duela gutxi zerbitzua emateari utzi zion udalak.
Azpiegiturei dagokienez, autogarbigarriak diren bi komun publiko jarriko dira, Nerbioi parke linealean eta Abiagabarri inguruan. Gainera, San Rokera igotzeko errepidea asfaltatuko da.
Gizarte-babeseko partiden artean, laguntzako eta prebentzio psikosozialeko zerbitzua indartzea nabarmentzen da, bai eta zainketen arloko ikuspegi berri batean lan egitea ere bai, zaintzaileak zentroan jarri eta haiei laguntzeko eta haien eguneroko lanari balioa emateko asmotan.
Gainera, autonomoei eta enpresa txikiei ekintzailetzarako laguntzak ematea lortu da.
Bestalde, kirol-klubetan eta, oro har, elkarteetan premia bereziak dituzten adingabeei laguntzeko pertsona bat kontratatzea bideragarria den aztertuko da, modu eraginkor batean adingabe horiek inklusio erreala lor dezaten.
Azkenik, eta lehendabiziko aldiz, EH Bilduk hurrengo deialdian Obra eta Zerbitzuen Foru Planean proposatuko diren proiektuak adostuko ditu. Proiektu horiek izango dira hurrengo bi legealdietarako inbertsio garrantzitsuenak.
Adostutako neurri guztien balioa ia milioi erdi eurokoa da.
Nolanahi ere, EH Bilduk gobernu taldeak erabat ukatu dizkion puntuak ere azpimarratu nahi izan ditu. Adibidez, euskara-arloa beste teknikari batekin indartzea, udaleko langileen lanpostuen balorazioa, Administrazio Batzarren artean berdintasunezko banaketa-sistema bat, horietako inor diskriminatzen ez duena eta ortu komunitarioen proiektu bat. Horietaz gain, kanon berezi baten aplikazioa, hutsik dauden etxebizitzak gazteen emantzipaziorako bideratu daitezen eta alokairuaren merkatuan etxebizitza horiek jartzeko.
Azkenik, EH Bildu Amurriok herritarrekin eta udalerriaren erronkekin duen konpromisoa berretsi du.