Gasteiz. 2023.05.12. Euskal Herria Bilduk borondate eta ausardia politikoa behar dela defendatu du gaur, bizitzaren etengabeko garestitzearen aurka neurriak hartzeko. Oinarrizko elikagaien prezioa %29 igo da urterbetean, eta argindarrarena, %88. Eroshalmenaren eta ongizatearen galera honen aurrean, oligopolio eta enpresa handien irabaziak neurririk gabe hazi dira: Iberdrola (%40), BBVA (%39), edo Repsol (%70).
EH Bilduren hautagaiak Arabako ahaldun nagusirako, Eva Lopez de Arroyabek, azpimarratu du ezohiko baldintza hauetan «krisiari esker aberasten ari diren enpresek ere aparteko ekarpena egin» beharko dutela. Administrazio publikoek sortzen duten energia herritarren eskuetan jartzeaz gain, alokairuen prezioa mugatzea, garraio publikoa indartzea eta doakotasunera hurbiltzea, eta pentsio txikienak 1.080 euroraino osatzea babestu du.
Bestalde, Gasteizko alkategaiak, Rocio Viterok, Lemoako Udalaren adibidea jarri du, non EH Bilduk azpikontratatuta dauden zerbitzu guztietan gutxieneko soldata 1.400 eurorena izatea onartu berri duen: «Erakusten digu tokian tokiko erakundeetatik ere esku-hartu dezakegula langileentzako lan baldintza eta soldata duinak errazteko. Eta EH Bilduk gobernua duen tokieta, praktikan jartzen dugula».
Viterok nabarmendu du Euskal Herriko bizitza mailara egokitutako gutxieneko soldata baten aldekoa dela: «1.400 euro bizitza maila duin baterako gutxieneko soldata da, geure egoera sozioekonomikoarekin bat datorrena. Euskal Herria Bilduk harremanak izango ditu sindikatuekin eta patronalekin, 1.400 euroko gutxieneko soldata hau finkatuko duen lanbide arteko akordio bat gauzatzeari laguntza emateko, eta eskatzen diegu Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuei negoziazio mahai bat martxan jar dezaten gutxieneko soldata propio bat ezartzeko, geure herritarrek behar dutenaren neurrikoa».