Ariznabarra egungo egoitza lau modulu sektorizatu dituen zaintza-etxe publiko bihurtzea, mendekotasun handia duten 140 pertsona artatzeko. Hori da EH Bilduk egin duen proposamena mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko eredu berri batean aurrera egiteko. Hala, titulartasun publikoko egoitza hori kudeatzen duen egungo enpresa pribatuarekin sinatutako kontratuaren amaierarekin bat etorriz, EH Bilduk lau helburu dituen zaintza-etxe publiko hau bultzatuko du: zaintza publikoak eta kalitatezkoak eskaintzea, autonomia eta intimitatea sustatzea, familia, gizarte eta belaunaldien arteko harremanak indartzea, egoiliarrentzako eta haien familientzako gune atseginak sortzea eta lan-baldintza duinak bermatzea.
“EAJ-PSEren eredu pribatizatzaile eta prekarizatuaren aurrean, Ariznabarra Zaintza Etxe Publikoaren aldeko apustua egiten dugu, zaintza duinak bermatuko dituen etxea, duintasunez eta lan-baldintza onekin zaindu ahal izateko”, azaldu du Eva Lopez de Arroyabek, Arabako Diputatu Nagusirako hautagaiak. Berarekin batera, Claudia Venceslao egon da proposamenaren nondik norakoak azaltzen.
Zehaztu duenez, lau modulutan arreta sektorizatua sortzea planteatzen da, mendekotasun-maila desberdinei erantzuteko. Horietako bat bi azpi-modulutan banatutako plaza psikogeriatrikoetarako gordeko litzateke. Gainera, 30 plaza bana izango lituzkeen eguneko zentroak izango lituzke, ez soilik elikadura-, higiene- eta errehabilitazio-beharrei erantzuteko, baita ongizate emozionalari eta nahi ez den bakardadearen prebentzioari ere, aisialdiko eta denbora libreko jarduerak bultzatuz.
Gainera, zerbitzu eta espazio berriak proposatzen dira: etxean bizi diren mendeko pertsonentzako atseden-zerbitzu bat, familia zaintzaileek atseden hartu ahal izan dezaten, eta larrialdiko arreta-programa bat, hainbat arrazoirengatik denbora laburrerako zaindu behar diren mendeko adinekoei arreta eman ahal izateko.
Azkenik, bi espazio berri sortzea planteatzen da: egoiliarrentzako, haien familientzako eta zentroko langileentzako lorategi esklusibo bat, eta lorategi eta parke komunitario bat, auzoko bizilagunek ere jarduerak eta komunitateko eta belaunaldien arteko aisialdirako espazioa parteka ditzaten.
Ariznabarra Zainketa Etxearen publifikazioak bertako profesionalen lan-baldintzak hobetzea ekarriko du. Horretarako, lan-kontratuko langilearen figuraren bidez, nahi duten pertsona guztiak Ariznabarra zaintza-etxe berriko plantillako kide izango dira.