AKTUALITATEA


| 2026-03-23 09:17:00

Mildiua aseguragarritzat jotzea eta izurriteen arriskuaren berri emango duen alerta meteorologikoko zerbitzua sortzea eskatu dute, besteak beste

Araba. 2026-03-23 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak lortu du Arabako Batzar Nagusietako nekazaritza batzordeak testu bat onartzea mildiuari aurre egiteko neurriak eskatzeko, Arabako Errioxan mahastizainei hainbeste kalte eragin ondoren.

Gaur onartutako mozioa iazko irailean EH Bilduk aurkeztutako antzeko testu batean oinarrituta dago, mildiua Arabako Errioxan mahats-bilketan arazoak sortzen ari zenean. Onartutako testua EH Bilduk, EAJk, PSEk, PPk eta Elkarrekin Podemosek adostu dute.

Mozioan, Batzar Nagusiek Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete "erakunde eskudunari eska diezaiotela egungo baldintzak aldatzeko eta mildiua Arabako Errioxan gaixotasun aseguragarri gisa onartzeko".

Era berean, Aldundiari eskatu diote «klima-aldaketak lehen sektorean dituen nekazaritza eta abeltzaintzako ondorioei eta ondorio ekonomikoei buruzko ikerketa zientifiko eta teknologikoa» bultza dezala. Azkenik, Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu diote «gerta daitezkeen laborantza-gorabeherei erantzuteko arau-esparrua» gara dezala, «mildiua bezalako izurriteen arriskuari buruz aldez aurretik informatuko duen alerta meteorologikoko zerbitzu bat sortzeko aukera barne».