AKTUALITATEA


| 2020-03-25 12:27:00

Barrundiako Udalak bertako Eskola Txikiko behin behineko matrikulazio zerrenda eskatu dio Hezkuntza Sailari. Izan ere, pasa den martxoaren 17an Hezkuntza Sailak Barrundiako Udalari zein gurasoei jakinarazi behar zien zerrenda hori, astebeteko epean, egin beharreko alegazioak egiteko aukera emanez. “Ez dugu inolako azalpen ofizialik jaso eta ez dugu ulertzen zergatik ez den behin betiko zerrenda publiko egin. Lehenbailehen jakinaraztea eskatu diogu Hezkuntza Sailari eta horrekin batera, azalpenak ere eskatu dizkiogu”, azaldu du Igor Medina Isasa Barrundiako Alkateak.

Horrela jasota dago Barrundiako Udalak Hezkuntza Sailari gaur igorri dion idazkian. Bertan, kezka azaltzeaz gain, alegazioak egiteko ezarriko den epe muga ere zehaztea eskatzen zaio Hezkuntza Sailari.

Matrikulazio kanpaina amaituta, 21 umek izena eman zuten hurrengo ikasturtean zabalduko den Barrundiako Eskola Txikian. Ia gehienak udalerrikoak dira eta horietako 15 umek Haur Hezkuntzan izena eman zuten eta beste 6k Lehen Hezkuntzan.

Urtetako lanaren ondorioz lortu du Barrundiak eskola txiki bat izatea. Ekinbide izeneko eraikinean egongo da eta eraikina bera egokitzeko Barrundiako Udalak 74.600 euro inbertituko ditu.

Barrundiako udalerriak 880 bizilagun inguru ditu, eta horietatik 85 dira 2 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoak. Gaur egun, udalerria osatzen duten 13 herrietatik beste udalerrietara joan behar dira  3 urtetik gorako haurrak egunero ikastera; txikiagoek Haur Eskola dute Ozaetan.