AKTUALITATEA


| 2023-02-09 12:17:00

Araba. 2023-02-09 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak nekazaritza batzorderako mozioa aurkeztu du, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko proiektu fotovoltaikoak ez eraikitzea Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Planean balio estrategiko handiko nekazaritza lur kalifikatutakoetan.

Eskariaren arrazoia da energia berriztagarriko proiektuak arautzeko balioko duen lurralde plan sektorialaren aurrerapenak aurreikusten dituen kokapenak bat datozela balio handiko nekazaritza lurren kokapenarekin. Lur emankorrak dira, eta hala adierazten dute Diputazioaren nekazaritza-garapeneko zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzaren ondare naturalaren eta aldaketa klimatikoaren zuzendaritzak egindako txostenek, baita Diputazioaren ingurumen teknikarien txostenak ere. Hiru txosten horiek adierazten dute, beraz, energia berriztagarrien proiektuak kokatzeko lekuak moldatu egin behar direla.

Kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritzak 2021ean aurkeztu behar zuela energia berriztagarrien plana, baina momentuz ez dago aurkezteko datarik. Plan horrek zehaztu behar dituenez energia berriztagarria sortzeko proiektuen kokapenak, esan daiteke atzerapen horrek bide ematen duela energia berriztagarrien zabalpena antolaketarik gabe egiteko, balio estrategiko handiko nekazaritza-lurrak aintzat hartu gabe.

Eusko Jaurlaritzari eskaera

Hala, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio nekazaritza lur emankor horiek baztertze eremutzat hartzea, hau da, 5 MW baino gehiagoko potentzia instalatua duten proiekturik ez egitea lur horietan, aipaturiko lurralde plan sektorial horren behin betiko bertsioa izapidetzen den bitartean.