Araba

Albisteak

Asparrenak elkartasunezko 40 kit banatu dizkie etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileei babesa bermatzeko


Herritarrek latexezko eta binilozko eskularruak eta maskarak eman dituzte, baita 3D pantailak ere, etxez etxeko laguntza-zerbitzua zein baldintza eskasetan ematen zen jakin ondoren.

| 2020-04-07 11:26:00

. Joan den astean, Txelo Auzmendi Asparrenako alkateak ohartarazi zuen etxez etxeko laguntza zerbitzua segurtasun eta prebentzio ekipamendurik gabe ematen ari zela. Hala salatu zuten langileek eta erabiltzaileek. Egoera ezagutu bezain laster, Asparrenako herritarrek prebentzio-materiala jaso eta eman dute: latexezko eta binilozko eskularruak, maskarak eta baita bizilagun batek bere inprimagailuarekin etxean egiten ari den 3D pantailak ere.

Bildutako material guztiarekin 40 kit egin eta banatu dira zerbitzuaren erabiltzaileen artean. Osasun zentroan ere materiala utzi dute osasun langileen eskura. "Erabiltzaileek beraiek ohartarazi zioten Udalari segurtasun falta sentitzen zutela, jakinda langileak egunean bost etxebizitzatatik pasa daitekeela eta ez zutela eskularru, maskara edo amantala nahikorik kutsadurarik ez izateko", zehaztu du Txelo Auzmendi Asparrenako alkateak.

Adierazi duenez, ekimen honekin "materiala eskaintzeaz gain, bakarrik ez daudela sentiarazi nahi diegu, eta zerbitzu horiek kudeatzen dituzten enpresek hori egiten ez duten bitartean, herrikoak pertsona ahulenak babesteko prest daudela".

Asparrengo alkateak nabarmendu nahi izan du gizarteak erakutsi duela zaintzaren aldeko zeregin horretan aurretik joaten dakiela, eta sare naturala dela, hurbilena, gabeziak ikusten direnean aktibatzen eta funtzionatzen duena. "Beste behin ere agerian geratu da oinarrizko gizarte-zerbitzu bat, etxez etxeko laguntza-zerbitzua, funtsezkoa dela zaintzan, eta, beste behin ere, agerian geratu da ahaztuta dagoen eta behar adina hornitu ez den handietako bat dela. Udal txikiak handiak izan gaitezkeela ere erakutsi dugu, hurbiltasun horrengatik eta inguruko errealitatea ezagutzeagatik erantzuten jakin badakigulako", gaineratu du.