AKTUALITATEA


| 2026-06-10 07:48:00

Asparrena, Artziniega, Donemiliaga eta Iruraiz-Gaunako Udalek bat egin dute alkateen mugimenduaren 50. Urteurrenarekin eta Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren oroitzapenarekin.  Arabako lehen lau udalerriak dira eta bat egiten dute 2026ko uztailaren 19an Bergaran antolatuko den ekitaldi politiko-instituzionalaren helburuekin, Alkateen Mugimendua gogoratzeko, 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berritzeko.

Izan ere, lau udalerrietako udalbatzek berretsi dute Euskal Herria Europako herri guztien artean berezko nortasuna eta nazio izaera duen herria dela, historia, gizarte eta kulturako ondare berezi baten gordailu; bi estatutan kokatuta eta gaur egun hiru eremu juridiko-politiko ezberdinetan antolatuta dauden zazpi lurraldeetan duela bere leku geografikoa eta euskal nazioa osatzen duten herritarrek dutela beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea.

Hori dela eta, aldarrikatzen dute beharrezkoa dela foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats berriak egitea, eta, horretarako, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzea, gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituz. Azkenik aitortu dute udalerriek Euskal Herriaren historian izan duten eginkizun erabakigarria, bereziki foru tradizioan, udal demokrazian eta herri ordezkaritzan; eta konpromisoa hartzen dute etorkizunean ere Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoan, erakunde demokratikoen rola indartzeko eta hauen artean, bereziki, udal erakundeena.