AKTUALITATEA


| 2019-09-05 10:37:00

Araban legealdiaren amaieran, hau da 2023an, araudia bete eta garapen lankidetzarako aurrekontuaren %0,7ko helburua betetzeko igoera progresibo bat proposatu du EH Bilduk. Horrela adierazi du gaur bertan erroldatu duen mozio batean eta, bertan, Euskadiko GGKEen koordinakundearen eskarari erantzun dio EH Bilduk. Baina gaur egun, Arabako Foru Aldundia kantitate horretatik oso urrun dago. 1970ean ezarri zuen kopuru hori NEBetako Batzar Orokorrak eta Garapenerako Euskal Legeak ere jasotzen du. Hala ere, 2019an foru aurrekontuek %0,31a baino ez dute zuzendu horretarako.

 

EH Bilduko batzarkidea Manu Rezolak aipatu duen bezala, Arabako Foru Aldundiak duela hamarraldi bat baino gutxiago zuzentzen du. 2008an garapen lankidetzan %0.65 inbertitzen bazuen, orain soilik %0,31a gastatzen du. “Urtez urte %0,11a igoz gero 2023an %0,7a lortuko dugu eta orain inbertitzen diren 1,5 milioi euroen aurrean, 4,2 milioi euro lortuko dira”, zehaztu du.

 

Izan ere, Mediterraneon eta Amerikako Estatu Batuetako mugan bizi ari garen krisi humanitarioak agerian utzi dute garapenerako bidean dauden herrialdeek soluzio iraunkor bat behar dutela euren herritarrei bizitza duinak eskaintzeko. “Eginbehar horretan ezinbestekoa izango da lehen mundutik egiten dugun ekarpena heldu delako garaia mendeetan egin diegun espoliazioa itzultzeko”, esan du Rezolak.