AKTUALITATEA


| 2019-04-22 13:37:00

EH Bilduk Gasteiz eta Iruñea batzen dituen tren korridorearen modernizazioa defendatu du ekonomikoki bideragarria eta herrietako jendeari zerbitzua emango dion tren soziala ezartzeko. Horrela defendatu du Arabako Madrilgo Kongresurako zerrendaburua Iñaki Ruiz de Pinedok Agurainen, Saiurtegi festan. “Herriak, eskualdeak, hiriak eta industria poligonoak batuko dituen tren bat nahi dugu, pertsonentzako zein garraiorako. Trenen maiztasuna handitu nahi dugu eta egungo azpiegitura modernizatu nahi dugu. Horregatik, hirugarren haria ezarri nahi dugu Europako zabalerako trenak eta kapazitate handikoak ibili ahal izateko” zehaztu du Ruiz de Pinedok.

 

Arabatik EH Bilduko hautagaiak iragarri du Madrilen Araban proiektatu diren abiadura handiko proiektuak baztertuko dituela: Arabako Lautadan, Arabako Haranetan eta Arabar Errioxan. “AHTren aurka gaude  diru publikoa xahutuko delako, Arabako Lautadan ez duelako onurarik ekarriko eta ingurumenean inpaktu larriak izango dituelako”, gaineratu du.

 

Zentzu horretan, gogoratu du gero eta ahots gehiago azaldu direla proiektu horien aurka. Izan ere, duela gutxi Europako Garraio Batzordeak baieztatu du Espainiako Estatuan, abiadura handia ez dela bateragarria merkantzia garraioarekin. Era berean, Europako Kontuen Auzitegiak dio AHTren linea berriak gainkostu eta atzerapen larriak jasaten ari direla, eta ondorioztatzen du, hobe dela egungo linea eguneratzea.