AKTUALITATEA


| 2026-11-10 11:02:00

Aurrekontuen tramitazioa hauteskunde-hitzordu batekin batera egingo den arren, EH Bilduk bost arlo nagusiren inguruan negoziatzeko eta adosteko konpromisoari eusten dio: ongizatea, aberastasuna sortzea eta banatzea, trantsizio ekosoziala, lurralde-oreka eta olatu erreakzionarioari aurre egitea

Araba. 2026-11-10 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak 2027ko aurrekontuak negoziatzeko eta adosteko prest dagoela adierazi dio gaur Foru Gobernuari. Aste honetan hasiko da aurrekontuen eztabaida Arabako Batzar Nagusietan, eta EAJren eta PSEren Gobernuak landutako proiektuaren nondik norakoak ezagutu aurretik, Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak argi hitz egin du bere taldearen asmoei buruz: «Argi utzi nahi dugu, erantzukizunetik abiatuta, eta bizi dugun egoera ikusita, prest gaudela negoziazio prozesu bati ekiteko».

Lopez de Arroyabek berretsi du EH Bilduk azken hilabeteetan azpimarratu duena: ezohiko garaiak bizitzen ari gara, mundua abiadura bizian aldatzen ari da eta, egoera horretan, «gure lurraldea erronkak pilatzen ari da, eta orain arteko gobernuek ez zaizkie horiei eraginkortasunez erantzuten ari».

«Hori dela eta, aurrekontuen tramitazio hau hauteskunde-hitzordu batekin batera egingo den arren, EH Bilduk negoziatzeko konpromisoari tinko eusten dio. Orain arte egin dugun bezala, interes orokorra eta guztion ongia lehenetsiko ditugu», esan du bozeramaileak. Prestutasun horren adibide gisa, gaitasun handiko bideak finantzatzeko lortutako akordioa aipatu du: «Mahaiaren beste aldean solaskidetza zintzoa baldin badago, EH Bildu prest egongo da jendeari mesede egingo dioten akordioak lortzeko».

Horrela, EH Bilduk bost ildo nagusi zehaztu ditu eztabaidatzeko eta adosteko: ongizatea bermatzea, etxebizitza eta zaintza sistema eskuratuz; aberastasuna sortzea eta banatzea, Aiaraldeko egoera ardatz hartuta; trantsizio ekosoziala klima aldaketari egokitzeko eta aurre egiteko modu gisa; lurralde oreka hobetzea, toki entitateen finantzaketa areagotuz; eta olatu erreakzionarioari aurre egitea, Araba euskaldunagoa, integratzaileagoa eta feministagoa eginez.

«Hauek dira EH Bilduk mahai gainean jartzen dituen lehentasunak. 2025ean akordioa lortzea ahalbidetu zuten berberak dira. Eta bai, 2026an EAJ-PSE gobernuak beste aurrekontu-bazkide batzuk bilatzea eragin zuten berberak dira. Lan-ildoak berdinak dira; prozesu honen azken emaitza, beraz, mahaiaren beste aldean dagoenaren borondatearen araberakoa izango da», berretsi du Eva Lopez de Arroyabek.

Bozeramaileak iragarri du dagoeneko kontaktuak izan direla, baina oraindik Foru Gobernuaren aurrekontu proposamenaren zenbaki zehatzak ezagutzeko zain daudela. «Orain arte egin dugun bezala, interes orokorra eta guztion ongia lehenetsiko ditugu. EH Bildu ez dago erakundeetan politika konbentzionala egiteko, horregatik, presak eta interes alderdikoiak alde batera utzita, entzuteko eta proposatzeko prest gaude», esan du Eva Lopez de Arroyabek.