AKTUALITATEA


| 2026-11-06 11:45:00

EH Bilduk Kongresurako eta Senaturako Arabako hautagaitzak aurkeztu ditu gaur Gasteizen, eta gogorarazi du EH Bilduk azaroaren 29an lortuko duen indarrak aparteko saria izango duela Araban: bloke erreakzionarioa ordezkaririk gabe uztea, hain zuzen. "Berriro diogu, datozen hauteskundeetan, EH Bilduren balioa bikoitza da. Bloke erreakzioarioa gelditzeko balio du eta eskubideetan aurrera egiteko balio du. Arabako kasuan, gainera, gain-saria dago. PP eta Vox ordezkaritzarik gabe uzteko aukera dago. Inolako konplexurik gabe, bloke erreakzionarioak akordioa egin du Senatuan ordezkaritza izateko. Ondorioak badakizkigu. Horregatik… Josu Estarrona senatari izatea PP-VOX blokea senatutik kanpo uztea da", laburbildu du Mikel Oterok, Kongresurako EH Bilduren Arabako zerrendaburuak.


Oterok nabarmendu du EH Bilduk ez duela promesarik egiten eta azken urteotan Kongresuan egindako ibilbidea "frogatutako eraginkortasunaren" dela. Ildo horretan, eskubideen arloan EH Bilduk izandako lorpen batzuk ekarri ditu gogora: pentsioen igoera, etxebizitza, mendekotasun legea, ezkutu soziala, LGSren igoera edo bankuei eta energiari ezarritako zergak... "Esan dezakegu hobekuntza nabarmena egon den lekuetan, eskubide sozialen hedapenean, lan-baldintzen babesan, klima-aldaketaren aurkako borrokan edo emakumeen eskubidetan, hor egon dela EH Bildu", azaldu du.


Horrez gain, gogoratu du EH Bilduk ere Arabako interes zehatzak eta arazoak defendatu dituela: trenbidea, bidaia luzeak aldiriekin eta merkantziekin bateragarri egingo dituena... eta dirua xahutu gabe, lehen sektorea, bereziki ardogintza, Trebiñu, Martxoak 3 edo Tubacex eta Tubos Reunidosen enplegua defendatzea.


Bestalde, Josu Estarrona Senaturako zerrendaburuak azpimarratu du EH Bilduk "erantzukizun historikoarekin" egingo diela aurre hauteskundeei. "Historia ez delako gure aurrean gertatzen den zerbait, gure erabakietatik kanpo dagoena. EH Bildu anbizio guztiarekin aurkeztuko da Araban, irabaztera aterako da eta bloke erreakzionarioa minimo historikoetan uztera aterako da. EH Bilduk bere ekarpena egin du askatasunen eta eskubideen defentsan", nabarmendu du.


Egungo testuinguru globalean, Estarronak azpimarratu du Euskal Herriak ere baduela bere erantzukizuna. “Ez gara gertatzen ari denaren ikusle hutsak. Gure erabakiek, antolakuntzak eta ekintza kolektiboak ere baldintzatzen dute munduaren norabidea. Historia ez baita gure erabakietatik kanpo gertatzen den zerbait: historia guk ere idazten dugu. munduaren norabidea ez dago aldez aurretik erabakita. Eta zentzu horretan Brasildik irakaspen garrantzitsua iritsi zaigu duela gutxi Lulak Bolsonaro garaituta. Eta hor daude baita ere Vucics, Orbáns, Netanyahu, Trumps erreakzionarioek izan dituzten porrotak 2026 urte honetan izandakoak aipatzearren", gaineratu du.