Talde guztiek babestu dute EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeen ekimena, erreferenduma eta preso politikoak askatzeko eskatzen duena, besteak beste
Araba. 2024-03-21 | Arabako Batzar Nagusiek mozio bat onartu dute Berdintasun, Euskara eta Gobernantza batzordean. Mozio horren bidez, Nazio Batuei eskatzen zaie Saharako gatazkari bidezko konponbidea eman diezaiola, «Saharako Herriaren autodeterminazio-eskubidea gauzatuta erreferendum baten bidez».
EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen batzarkide taldeek sustatutako ekimenak talde guztien babesa jaso du, baina PSEk ez du jarrera adierazi nahi izan eta ez du mozioaren eztabaidan parte hartu.
Mozioan, preso politikoak eta kontzientzia-presoak askatzeko eta espetxeetako giza eskubideen urraketak eteteko ere eskatzen zaio Marokori. Era berean, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio estatus diplomatikoa eman diezaiola Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkaritzari, Saharar Herriaren ordezkari bakarra eta legitimoa den aldetik, eta Nazio Batuen Mendebaldeko Sahararako Bake Plana betez behin betiko konponbide justua lortzeko behar diren ekimen politikoak susta ditzala.
Mozioak Marokoko Gobernuak Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen espoliazioa salatzen du, eta Mendebaldeko Saharan jarduten duten enpresei eskatzen die errespeta dezatela baliabide naturalen gaineko subiranotasun iraunkorrerako eskubidea eta lurralde okupatu bateko baliabide naturalen ustiapenari aplika dakizkiokeen nazioarteko zuzenbide humanitarioko arauak.