AKTUALITATEA


| 2023-04-28 12:20:00

“Erronka kolosalak ditu maite dugun Arabak. Hor dugu herrialdeak behar duen ondasunaren banaketa justua eta egin beharreko eraldaketa sozioekonomikoa; hor dugu trantsizio energetikoa eta deskarbonizazio bidean egin beharreko lana, hori ditugu zaintzak eta nola ez, hor ditugu lurralde oreka eta despopulazioa. Horiei guztiei irtenbidea emateko konpromiso sendoa dugu. Izan ere Arabak erronka handiak ditu aurretik eta EH Bildu inor baino prestatuagoa dago guzti horiei arrakastaz heltzeko”. Hori da gaur Eva Lopez de Arroyabe Arabako Ahaldun Nagusirako hautagaiak hartu duen konpromisoa.

Armentian egin du gaur San Prudentzioko erromeria ospatzen baita. “Ospakizun eguna da gaur, beraz, baina espero dugu hilabete barru are gauza gehiago izatea ospatzeko. Maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoren, Arabak behar duen aldaketa ospatzea espero dugu. Maite dugun Arabak behar dituen kalitatezko zerbitzu publikoak eta horiek lurralde osoan bermatzea, etxebizitzari irtenbidea ematea, lehen sektorea defendatzea, upategi txiki eta familiarrak babestea, herritarren bizi-kalitatea bermatzea… Lurraldea bera babestea, azken batean” gaineratu du.

Azkenik gogoratu EH Bilduk esperantza ordezkatzen dituela ilusioa eta herritarrekiko konpromisoa eta konfiantza. “EH Bilduk bere eskura duen guztia egingo duelako maite dugun Araba lortzeko. Hazten jarraitzen dugu eta gero eta jende gehiagok bat egiten du EH Bilduren proiektuarekin. Orain bai, orain da Arabaren eta arabarron garaia eta egingo dugu”, esan du Lopez de Arroyabek.