Asteazkenean eztabaidatuko den mozio bera onartu zen Urduñan eta Amurrion, EAJren aldeko bozkekin
Amurrio. 2024-07-08 | Ezohiko ordezkari multzoa bildu da gaur Arabako Batzar Nagusietako prentsa-aretoan, eskatzeko Arrastaria eskualdeko adinekoak Urduñako egoitzan plaza eskuratu ahal izatea. Agerraldian parte hartu dute Nerea Martinez EH Bildu Arabako batzarkideak eta Izaskun Duque Bizkaiko batzarkideak, Jon Berganza eta Nekane Martinez Amurrioko zinegotziek eta Iratze Ibañez eta Juanjo Sanz Urduñako zinegotziek.
Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran eztabaidatuko da mozioa datorren asteazkenean, aurretik Amurrio eta Urduñako udalbatzetan eta Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatu ondoren. Mozioak eskatzen du Amurrioko adinekoak Urduñako egoitzara joan ahal izatea, Arrastariako herrien kokapenagatik egoitza hori baita euren inguruneetatik hurbilen dagoen egoitza. Amurrioko eta Urduñako udalbatzen mozioa onartu zuten, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan ez zen aurrera atera. Orain, pilota Arabako Batzar Nagusietako teilatuan dago, beraz.
EH Bilduk mozioan eskatzen du Arrastaria eta inguruko adinekoei zerbitzu hori beren bizitokietatik ahalik eta hurbilen jasotzeko eskubidea aitortzea eta, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek hitzarmen bat landu eta adostea Arrastariako adinekoek Urduñako egoitza publikoan plaza eskuratzeko aukera izan dezaten.
Nerea Martinez EH Bildu Arabako batzarkideak azaldu duenez, Urduñan kokatuta dagoen egoitza publikoak 55 plaza ditu. Horietatik, 45 Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartuta daude, eta gainontzekoak pribatuak dira. Urduña Bizkaia izanda, bertan dagoen egoitza publikoko plazak eskuratzeko Bizkaian erroldatuta egon behar dira erabiltzaileak. Urduñaren kokapena eta tamainagatik, Arabako herriz inguratuta, egoitzak dituen plaza publiko guztiak betetzea ezinezkoa da. Hala ere, Arrastariako (Delika, Tertanga, Aloria, Artomaña eta Lekamaña) adinekoek, Urduñatik oso gertu bizi arren, ezin dute bertan plazarik lortu, eta haien etxeetatik oso urrun dauden Amurrio, Laudio edo Gasteizko egoitzetara joan behar dira.
Iratxe Ibañez Urduñako zinegotziak adierazi du mozioa aurrera ateratzea espero dutela: «EH Bildutik, kalitatezko zerbitzu publikoen alde egiten dugun heinean, lehenesten dugu arreta hori gertu ematea eta zerbitzu publikoa izatea: pertsona guztiek eskubide berberak dituzte, non bizi diren kontuan izan gabe».
Ibañezek gogora ekarri du aldundien arteko lankidetza-hitzarmenak ohikoak direla udalerri mugakideak dauden kasuetan, eta EAJren jarrerari egin dio erreferentzia, Urduñan eta Amurrion aldeko botoa eman baitzuen, baina Bizkaiko Batzar Nagusietan, aldiz, aurkakoa. «Ulertezina da jarrera kontraesankor hori, eta EAJ eta PSErengandik espero dugu arduraz jokatzea Arrastariako adinekoekiko, euren inguru hurbilarekiko haustura saihesteko», amaitu du Ibañezek.