AKTUALITATEA


| 2023-03-31 10:22:00

“Denon artean eta ezberdinen artean ekarriko dugu aldaketa Laudiora. Eta hainbeste izango gara, ez diegula interes sasi-partikular, sasi-partidista, sasi-ekonomikoei, ez diegu putreei lekurik utziko. Gu piztuko gara eta beraiek itzaliko”, hori izan da Ainize Gastaka alkategaiak hartu duen konpromisoa Laudioko EH Bilduren zerrendaren aurkezpenean.

Gastakarekin batera, egungo zinegotziak Nagore Gomara eta Esti Gorostiaga izango dira zerrendako bigarren eta hirugarrenak. Horiekin batera, Aitor Fernandez de Minedo, Unai Tejada, Sonia Respaldiza, Iñigo Martinez, Ludi Temiño, Aimar Sanjurjo eta Ainhoa Garaio egongo dira.   

“Guk, pertsonok, probokatzen ditugu aldaketak. Eta EH Bildun oso konsziente gara: gure helburua oraina eta etorkizuna dira. Laudio eraldatu nahi dugu. Natura errespetatuko duena, feminista, euskalduna eta anitza, zaintza molde berriak izango dituenak, gure ekonomia babestuko duena langilearekiko errespetua bermatuz, gure herriaren irudiari eta formari garrantzia emanez eta honek gure beharrak bete ditzan panifikatuz (bai dela espazio kultural berriak edo eta kirolerako infraestruktura berriak eginez)” gaineratu du Gastakak.

Gogoratu duenez, “erronka kolosalak” dituzte aurretik, lau urte baino haratago doazenak eta horri eusteko prest dago EH Bildu “beldur barik eta indartsu”.