Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramailea Aiaraldeko alkate, zinegotzi eta eragileekin bildu da, biharko bilerarako ekarpenak prestatzeko
Araba. 2026-03-23 | Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramailea Aiaraldeko alkate, zinegotzi eta militanteekin bildu da, Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaian egin beharreko ekarpenak eta hausnarketak partekatzeko. Laudion egindako bileran, Aiarako, Artziniegako eta Laudioko bertako alkateek hartu dute parte, baita Amurrioko eta Orduñako zinegotziek ere, eskualdeko bestelako eragileekin batera.
Eskualdeari eragiten dioten gaiak jorratu dituzte, eta arreta berezia ipini dute Tubos Reunidos enpresak bizi duen egoeran. «Amurrioz gain, eskualde osoari eragiten dion arazo bati buruz ari gara, eta irtenbidea bilatu behar zaio, lanpostuei eutsiz, zorra berregituratuz eta lantegiaren jarduera mantenduz», esan du Lopez de Arroyabek.
Izan ere, talde honek uste du mahaia izan behar dela «erraminta malgu bat, etorkizunaren inguruan hausnartzeko balio behar duena, baina baita ere egun bizi diren arazoei irtenbideak bilatzeko espazioa». «Arazo estrukturalak konpontzeko baliagarria izan behar du Mahaiak, baina ezin die eman bizkarra unean-unean sortzen diren arazo sozioekonomikoei, hala nola Tubos Reunidoseko 300 kaleratzeei», azaldu du Eva Lopez de Arroyabek-
Hala, joan den hilabeteko bileran egin bezala, EH Bilduk bere ekarpenak egingo ditu Mahaian, eta lanean jarraituko du bertako eragileekiko harremanak estutzen. «Aiaraldea biziberritzeko bide hau elkarrekin egin behar dugu erakundeek, eragile sozial eta sindikalek eta herritarrek. EH Bildutik gure ekarpenak eramango ditugu Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaira, eskualde kolpatu honen onerako antolatu diren beste edozein egituretan egingo genukeen bezalaxe», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.