Aiarako Udalak 2026. urterako aurrekontuak onartu zituen atzoko ez-ohiko Osoko Bilkuran EH Bildu eta Aiara Batuz-eko aldeko bozkekin. Aurrekontuak gora egin du eta 2,8 milioi euro ditu guztira.
Berrikuntzen artean, aipatzekoak dira menditik zura ateratzeko zubi mugikorra erosteko gorde diren 15.000 euroak. Baita, lehen sektorea dinamizatzeko Lurretik Bat programan sakontzeko 10.000 euro ditu, Lurkoik azken urtean egindako azterlanaren ondoriozko tailerrak eta prestakuntzak egiteko eta beste 12.000 euro bideratu dira udalerrian abereentzako osasun-plan bat abian jartzeko.
Aurrekontu parte-hartzaileak egiteko prozesuaren ondorioz, beste 20.000 euro erreserbatu dira Luiaondoko pista gorria hobetzeko. Gainera, guraso-elkartearentzako dirulaguntza handitu da talde psikopedagogikoaren lana ordaintzeko, eta lurralde orekari begira, iaz Batzar Administratiboei zuzendutako finantzaketarako eta zerbitzuetarako diru-partiden igoera mantendu da, orotara 147.000€ egiten dutenak.