AKTUALITATEA


| 2024-04-15 11:00:00

EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak batera aurkeztutako mozioa PPren aldeko botoekin onartu dute

Araba. 2024-04-15 | Arabako Batzar Nagusiek EH Bilduren eta Elkarrekin Arabaren arteko mozio bateratua eztabaidatu dute gaur Mugikortasun eta Azpiegitura Batzordean. Mozio horretan, Burgos-Gasteiz linearen AHTren trazadurarekin eta Miranda de Ebrorekin duen loturarekin ados ez daudela adierazi dute, Arabako Erriberabeitia udalerriaren parean.

Ekimena EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak batera aurkeztu dute, toki entitateen eskaerari erantzunez. PPk ekimenaren alde bozkatu du, eta EAJk eta PSEk aurka.
Joan den otsailaren 19an, Erriberabeitiako Udaleko eta Quintanilla de la Riberako Administrazio Batzarreko ordezkariek agerraldia egin zuten Mugikortasun Iraunkorraren eta Bide Azpiegituren Batzordean, Estatuko Gobernuak Burgos-Gasteiz AHTren linearako onartutako trazadura arbuiatzeko, udalerrian izango duen inpaktu izugarriagatik eta Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden alderdiei eskatzeko hain erasokorrak ez diren beste irtenbide batzuk bilatzeko.

Ordezko konponbideak

Proposatutako trazadurarekiko desadostasuna adierazteaz gain, Arabako Batzar Nagusiek EAEko eta Espainiako gobernuei eskatzen diete eragin hori minimizatzeko irtenbide alternatiboak bilatzeko. Onartutako mozioaren edukia Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari helaraziko zaie.

Mozioa presaz izapidetu zen, «lizitazioa edozein unetan egiteko arrisku handia zegoelako, eta, ondorioz, atzeraezintasun arrisku larria zegoelako», proposamena egin duten taldeen esanetan.