AKTUALITATEA


| 2025-12-18 11:15:00

Eva Lopez de Arroyabe: «Aukera galdu da foru-politikak birbideratzen jarraitzeko eta, horren ordez, orain arteko politika berberen aldeko apustua egin da lurraldearentzat eta herritarrentzat funtsezkoak diren politiketan»

Araba. 2025-12-18 | EH Bildu batzarkide taldeak 2026rako foru aurrekontuen proiektuari ezetz esatea defendatuko du bihar, «EAJren eta PSEren gobernuak bere politiketan edozein aldaketa blokeatzeko erabakia hartu duelako». Gobernantza eredu «immobilista baten aurrean eta edozein proiektu eraldatzaile negoziatzeko eta adosteko itxikeriaren aurrean», EH Bilduko bozeramaile Eva Lopez de Arroyabek argi utzi du arabarren bizitzan eragin positiboa duten akordioetan soilik egongo direla, eta, beraz, baztertu egin du foru politiketan «edozein aurrerapauso esanguratsuri» ateak itxiko lizkiokeen edozein akordio.

Bozketa bihar izango da, eta Arabako eskualde industrializatuenak, Aiaraldeak, bizi duen ziurgabetasun egoerari erantzunik ematen ez dioten foru kontuak onartuko direla aurreikusten da. Gainera, aurrekontuak galarazi egiten du egoitza-plaza publiko berriak sortzea, eta ukatu egiten die autonomia eta finantziazio handiagoa lurraldeko toki-erakundeei. Baina, gainera, Eva Lopez de Arroyabek adierazi duenez, «atzera eginaraziko diguten» elementuak ditu, etxebizitzaren arloan EAJk eta PSEk Eusko Jaurlaritzan bultzatutako kontrarreforman sakontzen baitu. Funtsezko politikak ez aipatzearren, hala nola klima-aldaketaren edo feminismoaren aurkako borroka, aurrekontu errekor batean, erabilitako zenbateko ekonomikoa murrizten baitu.

Ildo horretan, Lopez de Arroyabek adierazi du «aukera handia galdu dela Foru Aldundiak bestelako politika anbiziotsuagoak egiteko». Duela urtebete, EH Bilduk 2025eko aurrekontuan neurri «berritzaile eta eraldatzaileak» sartzea lortu zuen, orain arte EAJk eta PSEk aurrera eramandako zenbait politika birbideratuz. Orain, «neurri horiek posibleak ez ezik, beharrezkoak ere badirela frogatu denean, EAJk atzera egitea erabaki du, horrek gauzak egiteko beste modu bat badagoela eta, gainera, formula arrakastatsua dela onartzea ekarriko lukeelako».

Zerga-neurriak

Bestalde, EH Bilduk aurreratu du osoko bilkuran errefusatuko dituela bihar bozkatuko diren zerga arloko neurriak. Bi arrazoirengatik egingo du: lehenik eta behin, zerga-bilketaren marjina murrizten dutelako eta, deflaktazioa bezalako neurriekin, klase altuenei bakarrik egiten zaielako mesede. Bigarrenik, aukera bat galdu delako fiskalitatea erabiltzeko etxebizitzaren salerosketan eta gehiegizko errentetan espekulazioa zigortzeko.

Amaitzeko, Eva Lopez de Arroyabek esan duenez, «aurrekontu honek etxebizitzaren, zaintzaren, trantsizio ekosozialaren edo berrindustrializazioaren arloan paralisia eragiten badigu ere, eta hartutako neurri fiskalek administrazioek beharrezko finantza-giharra izatea eragozten badigute ere, EH Bilduk lanean eta herritarrekin hitz egiten jarraituko du Arabak dituen erronkei erantzuteko».