AKTUALITATEA


| 2019-11-20 09:45:00

Gure proposamenei erantzunez, Udal Gobernuak Skate Parkaren inguruan inbertsioak egingo dituela esan du eta erantzunarekin poztu egin garela adierazi nahi dugu.

PSE eta PNV-ren Udal Gobernua, berandu bada ere, Skate parkaren garrantziaz konturatzea ona dela deritzogu. Hala ere, ezarri nahi diguten erantzukizunarekin ez gaude ados. Skate park-a eraikitzeko sortu genuen partida pista egiteko zen, eta iturria, argiteria, mahaiak-aulkiak eta panela jarrita egongo ziren iada, orain esan duten bezala ekainean hau dena martxan jartzen hasi izan balira. Denbora eta inbertsio handiagoa eskatzen duen gauza bakarra komuna da, eta orain arte egin dituzten partida berrien sorreretan ez dute horrelakorik proposatu. Eh Bildu udal gobernuan egon izan balitz, ez genuen argiteri, mahai-aulki, panel eta iturririk gabe inauguratuko, eta hori badakite, skate park-a diseinatzen lagundu ziguten erabiltzaileek.

Skate park-a udal gobernuko ordezkariek jakin gabe ireki zela gogoratu nahi dugu, irekiera bezperan izan genuen zerbitzuetako batzordean guk egindako galderarekin agerian geratu zen bezala. Ondorioz, nola aurreratuko ziren bada, noiz irekiko zen ez bazekiten?

Baina polemiketatik haratago, ona da PSEk eta PNV-k instalakuntza honen aldeko apostua egitea. Orain, anbizioz jokatu eta skate parkaren inguruan ekintzak antolatzea falta da.

Udal Gobernuak gure proposamenen aurrean hartu duen jarrera ezkorrak harritzen gaitu.  Oposizioaren funtzioa, proposamenak egitea dela ulertzen dugu, are gehiago, Andoaingo lehen indarra garenean. Eh Bilduk kontrol oposizioa egingo du, baina proposamenak eginez eta jarrera eraikitzailearekin, PSEk eta PNVk azken 8 urte hauetan egin ez  bezala.
 
Andoainen, 2019ko irailaren 24an