AKTUALITATEA


| 2024-03-19 08:58:00

Lehengo ostegunean Irundik abiatu zen 23. Korrika. 2 urtez behin, Euskal Herria zeharkatzen duen euskararen aldeko mobilizazio herritar erraldoia dugu Korrika. Zalantzarik gabe, gure herrian ospatzen den Euskararen aldeko jairik esanguratsuena eta ederrena.


Larunbatean iritsiko da Andoainera. EHBilduk Agustin de Leitza kalean (Stop liburu denda ondoan) hartuko du lekukoa. Aurten, lekukoa abenduaren 16an hil zen Aitziber Ugartemenedia gure zinegotzi ohiaren senide eta lagunek eramatea erabaki dugu.


Egunero dugu gogoan Aitziber. Gure jardunean, berak zuen indar, pasio ta alaitasun berberakin aritzen saiatzen gara. Horregatik, bere senide eta lagunei lekukoa utzita, modu batean edo bestean, lekukoa Aitziberrek berak eramatea bezala izango da. Une hori ere, Euskararen alde egin zuen lan guztia eskertzeko erabiliko dugu.


Bide batez, larunbateko egun handi hori aurrera eramateko, lanean diharduten Andoaingo AEK euskaltegiko kideak zoriondu nahi ditugu. Baita ere, egitarau oparoa prestatu duten herritar eta elkarte guztiak ere.

Harro, herri Korrika!